Asteon hasi dituzte Durangoko artxibo historikoaren lekualdatze lanak. Arte eta Historia Museoan batutako agiriok epe laburrean Kalebarriko liburutegia izango dute gordeleku berri. Lan “delikatu” eta “konplikatuok” 20-25 egun iraungo dute, eta, behin amaituta, tokiko fondoa kontsultatzeko aukera ere egongo da; Durangon edo durangarrek argitaratutako argitalpenak batzen ditu fondoak.
Aurrerago, argazki fondoa ere eroan gura lukete bertara. Aitatu dezagun kontsultatarako gunea ere egokituko dutela Kalebarriko liburutegiaren sotoan.
Argazki fondo horri ere heldu gura diote abenduan hasi zuten udal artxiboa osatzen duten jatorrizko agirien digitalizazio lanen barruan: 1550etik 1820 arteko akta-liburuak eta Erdi Aroko agiriak digitalizatu dituzte. Katalogatu ere egin dituzte, kontsulta errazteko datu-basea sortuz. Udal artxibo osoa gordeko dute Kalebarrian.
Hirugarren fasean dihardute
1821etik 1879 arteko akta-agiriak digitalizatuko dituzte oraintsu hasi den 3. fasean; eliza, ermita eta kofradietako fabrika-liburuekin hasi gura dute 2010ean, Aitziber Irigoras alkatearen berbetan. “Agiri guztiak Interneten eskegitzeko lanean ere hasita gaude: hori da azken helburua. Ondare historikoa zaintzearekin batera zabaltzea ere bada helburua. Hirian den artxibo historiko bakarrenetakoa izanik, mimo bereziz zaintzera behartuta gaude baina mundura zabaltzera ere bai”.
Kilometro inguru apalategik osatzen dute artxiboa: 1550etik aurrerako akta-liburuak, XVI. mendeko kontu-liburuak, XIV. mendetik aurrerako Erdi Aroko agiriak, fabrika-liburuak eta udal-gutuneria. Artxibo historikoak 8.839 agiri batzen ditu: 6.000 bat udal-akta dira; gainerakoak Erdi Aroko agiri eta paper-sortak.