
Durangaldea automozioarekin oso lotuta dagoen eskualdea izanik, eragina zuzena dela gogoratu du ELAk, eta, azaldu dutenez, zerbitzuetako enpresei eragiten ere hasi da. Oinarrian patronala, banketxeak eta instituzioak jo ditu “krisi ekonomiko eta sozial” honen “erantzule”, eta horiei erantzun gura diote: “egiturazko neurriak (lan-taldeak murriztea, lan-eskubideak gutxitzea…) planteatzen dihardute, baina lan-karga berreskuratzean zein izango da langileen egoera?”.
ELAk salatu duenez, 1993tik 2008a arteko hazkunde ekonomikoan patronalaren eta banketxeen aldeko politikak garatu dituzte botere publikoek; euren aldekoak izan dira erreforma fiskalak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga zegoenean mantenduz. Madrilen adostutako itunek lan baldintzetan eragin dutela gogoratu dute. “Orain, urteotan etekinak izan dituztenek langileak kaleratzen dihardute, erregulazio espedienteekin…”. Horren aurrean erantzun beharra dagoela dio ELAk.
Ekaina arteko kontzientziazio eta mobilizazio kanpainaren bitartez botere publikoen jarduera baldintzatu gura dute. Ermuan delegatu asanblada eta manifestazioa izango da hilaren 27an. Maiatzerako manifestazioa iragarri dute Durangon.