Krisi egoeraren aurrean elkartasuna eta kontsumo arduratsua sustatu behar dela nabarmendu du, Durangon, Bizkaiko Caritaseko zuzendaria den Mikel Ruizek.
Uribarriko Andra Mari parrokia elkarteak gonbidatuta, Krisia, kristauak eta konpromisoa berbaldia eskaini du Ruizek, “egoera honi aurre egiteko gizarte osoaren —eta bereiziki kristauen— konpromisorako argibideak” emanez.
Azken hilabeteotan, Caritasek Bizkaian dituen zentroetara hurreratu den jende kopurua hazi egin dela adierazi du Ruizek, “krisiaren eta enplegu galeraren eraginez”; batez ere, Harrerarako eta Lan Bitartekotzarako zentroetan.
Garizumari begira
“Sistema kapitalistaren azpian diren askonahi, norberekeria eta sasiko balioengatik heldu gara egoera honetara”, Ruizen berbetan, eta Garizuma aldi honetan “kontsumo arduratsu eta solidariora eroango gaituen ‘barauaren’ alde” egitera deitu du. “Langabeziaren zailtasunek harrapatutakoengana” hurreratzearen alde egin du Ruizek, “denoi dagokigun bizitza duina galarazi ez diezaieten”.
Caritasek bazterketa jasaten duten edo jasateko zorian dauden gizon eta emakumeei eskaintzen die arreta. Tabirako Caritasen 30 bat boluntariok harrera egitasmoetan (Durango eta Traña-Matiena), ‘Ekorropan’, ‘Zaintzan’ (lan bitartekotza etxeko lanerako eta pertsonen zainketarako) eta sentsibilizazio arloan laguntzen du iraunkortasunez.