‘Durango Ardo Saltsan’ II. Azoka Enogastronomikoak 56 upeltegi batuko ditu, martxoaren 28an, Landako Gunean; 150 ardaotik gora dastatzeko aukera eskainiko du bigarren edizioa duen honetan. Iaz baino 16 gehiago izango dira; zortzi nazioarte mailakoak.
Ardoaz gainera, olioa, urdaiazpiko iberikoa, izokin ketua, ahatea eta horren eratorriak, munduko urak —Italia, Ingalaterra…— eta slowfoodaren baitan batutakoak eskainiko ditu azokak, 11:00etatik 21:00etara bitartean.
Slowfood deritzon horixe da berrikuntza, Getariko zerbak, Karrantzako gazta eta Mungiako arrain urdin ketuak eskainiz. Delicatessen eta slowfood produktuen 14 ekoizle batuko dira.
Ardao zein aurkeztutako produktuen dastapena batuz, 12 euro ordaindu beharko da sarrera. Dastapen kit bat ere emango dute, kopa, upeltegien informazio-liburuxka eta erakutsitako produktuak eskuratzeko eskabide orria jasotzen dituena.
Delicatessen jakiok eta Euskal Herria zein nazioarte mailako upeltegi garrantzitsuenetako ardaoak — Alemania, Frantzia, Italia, Argentina…— gerturatzea du helburu azokak. Ardao, kafe zein olio dastapenean barneratzeko aukera ere eskainiko du.