Landako Gunea birmoldatzeko lanak datozen asteotan hasiko dituzte

Anboto 2009ko mar. 3a, 16:10

Espainiako Gobernuak Tokiko Inbertsinoen Estatu Fondoetarako errege dekretuan onartutako egitasmoetako hainbat, hamabost egunen barruan hasiko dituzte.

Espainiako Gobernuak Tokiko Inbertsinoen Estatu Fondoetarako errege dekretuan onartutako egitasmoetako hainbat, hamabost egunen barruan hasiko dituzte.

Halaxe jakin eragin du Aitziber Irigoras alkateak. Horien artean daude Landako Guneko birmoldatze-lanak (154.230 euro), irisgarritasun-baldintzekin bat egiteko, eta Alluitz eta Sasikoa kaleen artean aurreikusi duten biribilgunea (199.000 euro). Azken kale horretan lurpeko zaborrontziak jartzeko lanak (228.000 euro) ere hasiko dituzte laster.

Komentukaleko plazatxoa

Durangoko Udalak aurkeztutako 15 egitasmoak onartu zituzten. Beraz, 4,86 milioi euroko laguntza jasoko du Espainiako Gobernuaren eskutik Udalak. Aitatu ditugun obra nagusi horiez gainera, Kalebarriko liburutegi berrirako sarbidea izango den Komentukaleko plaza berriro urbanizatzeko lanak ( 95.700 euro) ere hurrengo asteotan hasiko dituzte, Tabira igerilekuen kanpoaldean drainatze-sistema jartzeko lanak (180.000 euro) ez eze.

Oraintsu adjudikatu ditu behin betiko lanok guztiok Udalak; baita Landako zein Zabalarra eskoletan egin beharreko hobekuntza lanak ere (262.000 euro denera). Hala ere, azken lan horiek geroago hasiko dituzte. Ikasturtea amaitu ondoren, hain zuzen ere.

Txosnak jartzeko araudia

Bestalde, aldatu egin dute Sanfaustoetan txosnak jartzeko eskaera epea. Txosnak jartzeko araudian aldaketa hori egitea aho batez onartu dute udal agintariek. Alkateak argitutakoaren arabera, “Sanfaustoak ditugu uriko jai nagusiak, eskaera asko izaten da, eta epealdi laburra dela uztailetik urria artekoa helarazi izan digute, eskaera egin eta prestatu beharrekoak prestatzeko”. Horren aurrean eskaera epea apirilera aurreratzea onartu du udalbatzarrak, denbora gehiago emateko; urte osoari begirako neurria da. Txosna Batzordeak proposatuta aldatu du Udalak  eskaera-epea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!