Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen Fauna Basatia Sendatzeko Zentroko teknikariek zikoina bat sendatu dute eta, gaur aske utzi dute Durango inguruetako zelaietan. Zikoina hori otsailaren 3an heldu zen zentrora, oso egoera larrian.
Zikoina Durangon biziko da, espeziea hazten den puntu
bakarrenetakoan, hain zuzen. Durangon Aldundiak dituen suhiltzaileek
jaso eta Base Gorrira eraman ondoren sartu zen zentroan. Aztertu eta
gero, ikusi zen traumatismo larria zuela eta gorputz osotik hematomak
zituela, batez ere ezkerreko hegoan. Hala ere, lesiorik larriena
ahoaren behealdean zeukan ebaki bat zen.
Animaliak odol asko galdu zuen eta shock egoeran zegoen Bizkaiko
Foru Aldundiaren Fauna Basatia Sendatzeko Zentrora iritsi zenean.
Larrialdiko tratamendu bat ezarri zitzaion eta ebakuntza kirurgiko
azkar bat egin zitzaion kaltetutako aldean.
Zikoina medikamentu espezifikoekin sendatuz joan zen.
Inkubagailuan ere egon zen egun batzutan. Denbora honetan guztian sendagaiak hartu behar izan zituen
eta hestegorriko zundaren bidez egindako elikatze behartua eman
zitzaion, txandaka. Lau egun igarota, tratamendua erizaindegian
emateari ekin zitzaion eta, bost egun geroago, animaliak jateko
laguntzarik ez zuela behar egiaztatu ondoren, bendak kendu eta azken
sendaketa egin zioten hegoan. Mokoko barruko punturen bat ere kendu
zioten.