Ludoteka jarriko du martxan Udalak, otsailean, Pablo Pedro Astarloa 7an. Elkartzeko eta jolasteko gune didaktikoa izan gura du, eta sormena garatzeko hainbat jarduera bideratuko dituzte, adinaren araberako taldeetan antolatuta. Urtarrilaren 30era arte eman daiteke izena.
“Ohitura sozialak landuko dira eta bakoitzaren identitate pertsonala garatu”, sozialisten bozeroale Pilar Riosen berbetan. Sumatutako zerbitzu horren beharra nabarmendu du Mª Jose Balier jeltzaleak, eta Landako erakustazokan egokitutako Txiki Parkaren ondotik “haratago emandako pauso berria” izan dela. Izena emateko urtarrilaren 26tik 30era dago aukera, 94 466 91 54 telefonoan edo ludoteka@durango-udala.net helbide elektronikoan.
Jolasten eta hezten laguntzeko ludoteka zabalduko dela nabarmendu dute: “ Ez da Txiki Parka. Funtzio pedagogiko eta sozial bat bete gura du. Horrela, ingurumen heziketa, hezkuntza ez sexista, kulturarteko hartu-eman eta heziketa, eta, euskararen erabilera bultzatuko dira”. Denbora ei da ume zein gazteentzako espazioen beharra sumatu dutela, batez ere estalitako espazioen beharra.
Astegunetan, 16:30etik 20:00etara izango da zabalik eta txanda bi sortuko dira: batzuk, astelehen eta eguaztenetan izango dute aukera, besteek, martitzen eta egunetan; barikuetan, berriz, hamabostean behin izango da aukera talde bakoitzak. Domeketan itxita egongo da. Zapatuetan, berriz, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik: “Hori bai, sarrera librea izango da, hala ere, ez da egongo inor begirale lez, eta, gurasoen begiradapean egon beharko dira umetxoak”.
Lau astean
‘Ludotekari elkartua’ deritzon txartela jasoko dute erabiltzaileek 10 euro ordainduta: “Lau asterako balioko du. Gero, txandakatu egingo dira, ahalik eta ume eta gaztetxo gehienei aukera eman guran. Hori bai, erabiltzen den asteengatik baino ez da ordainduko”. Beraz, gehienez, 37 lagun izango dira ludotekan, hilean: 3-6 urte bitarteko taldea (10 gehienez), 7-11 urte bitartekoa (12 gehienez) eta 12-14 urte bitartekoa (15 gehienez); hurrenez hurren, 16:45etik 18:00etara, 17:30etik 18:45era eta 18:15etik 19:30era edukiko dute lekua.
Otsailean hasiko dena, “esperientzi pilotua” dela nabarmendu dute bai PSE-EEk bai EAJk: “Ze eskaera dagoen eta zelan antolatu erakutsiko digu, eta kokapen berria beharko den ere bai”. Aitatu dute baita hilean behin irteera bat ere antolatuko dela.
Alokairua: 2.200 euro, hilean
Ludoteka abiatzeko eta orain arteko alokairuari aurre egiteko, oro har, ia 105.000 euro erabili ditu Udalak; orain, 2009ari begira atala sortu beharko dute udal aurrekontuan. Hilean 2.200 euro ordaindu behar ditu alokairuan Udalak, eta, horri gehitu behar zaizkio zerbitzuaren gastuak ez eze gastu arruntak.
Gai horrek zer esana sortu du udalbatzarrean prezio publikoa onartzerakoan. EB-Berdeak, PSE-EE, EAJ eta Aralarrek alde egin dute. Hala ere, Aralarrek gogorarazi du behar diren ekipamenduen gainean “hausnarketarik” ez dagoela eta “Udalak jasotako lagapenei emandako erabilera agerian” uzten duela. “Premiak aztertzen hasi behar gara eta lagapenak horretarako erabili”. PP abstenitu egin da prezio publikoa zortzi eurora jaistea proposatu duela gogoratu ondoren.
Talde Mistoko Zorione Aranak “benetako beharrak asetzeko kultur etxea” behar dela nabarmendu du, ludoteka bera, eta helburuen definizioa, ondo ikusi arren. Lokal pribatu baten alokairua ere ez du begi onez ikusi.
PSE-EE ados dago ludoteka lokal publiko baten egotearekin. “Hala ere, orain ez dugunez, hau behin behineko kokapena izango dugu, beste espazio bat lortu arte”. EAJk ere esan du “proiektu pilotua den heinean, zerbitzu edo egitasmo egokia den edo ez aztertu egingo dela”.