2008-2012 urtealdirako Euskara Plana onartu du Udalak, urtea amaitu aurretik. Euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-tresna bihurtzea helburu duen planak, sail edo erakundeen arteko hartu-emanerako hizkuntza euskara izatea ere lortu gura du.
Erabilera bermatzeko hainbat neurri batu dituzte eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzu Publikoa sortzea.
Kontra egin duen bakarra PP izan da, “bakoitzak gura duen hizkuntzan jarduteko eskubidea” daukalakoan. Euskara “inposatu” egiten ei da, “kontrako efektua” sortuz: “euskara ukatzea”. Talde Mistoa, aldiz, abstenitu egin da. Gogoratu du “gutxienekoak” batzen dituen plan hori lehenengoz 2007an onartu zela, eta orain lez “premiazkotzat” jo zen Jarraipen Batzordea ez dela sortu.
Hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskara lan tresna lez erabiltzearen “garrantzia” nabarmendu arren, “kaxoi baten sartuta” geratuko den arduraz dagoz.
“Ez da guk amesturiko plana, eta gure hizkuntza eskubideak ez dituen arren %100ean bermatuko, pauso txiki bat da”, Aralarren ustez. “Berandu” eta erdaratik euskarara datorren plana dela dio, eta arreta eta ahalegin “handia” jarri beharko dela. “Derrigorrean” erabiltzaile izango dituen eta “aspaldi” martxan beharko lukeen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzu Publikoaren garrantzia ere aitatu dute.
PSE-EEk administrazio publikoan hizkuntza ofizial biak erabiltzea bermatzea dela helburu arrazoitu du, eta EAJk “arrazoizkoa” dela, “gura baino astiroago” doan arren: “Trabak egongo dira baina bide onetik goaz”.