Europako enpresetan laneko praktikak egiteko aukera

Anboto 2009ko urt. 12a, 13:27

Europako enpresetan aurreneko lan-esperientzia izan gura duten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) tituludunentzako EPEZ (Enpresetan Praktikak Europan Zehar) programaren hirugarren deialdia zabaldu du EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak.

Europako enpresetan aurreneko lan-esperientzia izan gura duten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) tituludunentzako EPEZ (Enpresetan Praktikak Europan Zehar) programaren hirugarren deialdia zabaldu du EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak. BBK Gaztelanbidean Fundazioaren laguntzarekin eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa-Durangaldeko Behargintzarekin eta Lanbidearekin (Euskal Enplegu Zerbitzua) elkarlanean egin dute deialdia.

Bizkaian erroldatuta egonda, EHUko edozein campus edo fakultateko 45 tituludun berri izango dira programaren onuradunak. Alemanian, Frantzian, Italian, Portugalen, Erresuma Batuan eta Txekiar Errepublikan egingo dituzte laneko praktikak hautatutako pertsona horiek.

Atzerriko egonaldiak 14 astekoak izango dira —apirila eta uztaila bitartean—, zati bitan banatuta: bertako hizkuntza eta kultura-ohiturak ikasiko dituzte lehenengo hiru asteetan, eta gainerako 11 asteetan aitatutako harrera-herrialdeetako enpresetan laneko praktikak egingo dituzte. Halaxe argitu dute Durangaldeko Behargintzako arduradunek.

Egonaldiko gastu nagusiak ordaintzeko beka jasoko dute programaren onuradunek, Leonardo da Vinci Agentziaren baterako finantzaketari esker: bidaiak, aseguruak, prestakuntza, ostatua, kudeaketa eta antolaketa…

Beka hori eskuratzeko harrera-herrialdeko hizkuntza ofizialean jakite-maila altua edo, bestela, ingelesez badakitela egiaztatu beharko dute hautagaiek. Izena emateko epea, berriz, urtarrilaren 13an bukatuko da. Bizkaiko Campuseko Enplegu Gunean edo www.ehu.es/enplegugunea web orriaren bitartez lortu daiteke informazio gehiago edo izena emateko eskabidea. Baita Durangaldeko Behargintzan edo www.amankomunazgoa.com web orriaren bitartez ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!