Bizkaiko Aldundiari lurrak utzi dizkio Udalak Gasteiz Bidean errotonda berria egin dezan. Horrek trafikoa “nasaitu” eta “segurtasuna hobetuko” duela uste du Gobernu Taldeak. Aralar eta Tale Mistoa ez dira iritzi berekoak.
Hor “azpiegitura erraldoi” baten hasiera doala gogoratu du Aralarrek, eta “atzean herritarrenak ez diren bestelako interesak” daudela deritzo. Era berean, Arau Subsidiarioetan jaso lez Fundifex aurreko biribilgunea zergatik ez zen erdiratu galdetu du, “horrela ibilgailuak lasaiago sartuko dira biribilgune berrira”.
Iritzi bera berretsi izan du Talde Mistoak eta Izurtzarekiko Udalaren eta Aldundiaren jarrera gaitzetsi: “Herriarentzako interesgarria eta onuragarria zen egitasmoari trabak baino ez jakoz jarri”. Hori ukatu eta errotonda berria bai Durangorentzat bai Izurtzarentzat “onuragarria” izango dela dio, baina, EAJk. PP eta PSE-EEk ere alde egin dute.
“Lehentasunen” arabera
Udal arkitektoak arrazoitu du lehentasunen arabera jokatu dutela. Aldundiak hil
honetan hasi gura duen errotonda Arau Subsidiarioetan jasota dago, eta A-8aren eta N-634aren lotuneko lanekin lotuta dago. Beharrezko lurrak lortzeko ituna adostu zuten. Hiru ziren lurjabeak; tartean, Udala.