40 urteko ibilbidea bete duzue.
Bai, agirien arabera, 1968ko otsailean ikastolari jarduteko baimen ofiziala eman zioten. Dokumentu horietan, gaur egun irakasle diharduen Isabel Astoreka agertzen da zuzendari ofizial legez.
Geroago, kooperatiba sortu zenuten.
1972an hainbat gurasoren artean Kurutziaga kooperatiba moduan eratu zen. Herri ekimen bat izan zen, eta izaera horrekin jarraitzen du gaur egun ere. Zuzendaria izan arren, gurasoek erabakitzen dute.
Gaur egungo azpiegiturara heldu arte, Kurutziaga ikastolak bide luzea egin du.
Kurutziaga izena jarri zioten Kurutziaga kaleko lokal baten hasi zirelako eskolak ematen. Hortik gaur egungo kokalekura etorri ziren. Lehenengo txaletera, eta, gero, gaur egun haur hezkuntza dagoen eraikinera. Hortik hazkunde prozesu guztia martxan jarri zen. Frontoia eraiki, beste pisu bat ere bai, eta ondoren azpiegitura berria.

1996ko ikasturtean zerbitzu hori eskaintzen hasi ginen. Orokorrean, hezkuntza mailan beherakada demografikoari erantzun gura izan genion. Gaur egun, ez dago zerbitzu hori eskaintzen ez duen ikastetxerik. Alde horretatik sasoi hartan ausartak izan ginen.
Ondorengo hazkunde demografikoari, berriz, hirugarren lerroarekin erantzun diozue.
2000. urtetik hazkunde demografikoa nabaritu genuen. Gurasoen eskaerari erantzuteko, hirugarren lerroaren aldeko apustua egin genuen. Proiektu hori martxan jarri ahal izateko, Ibilaldia antolatu genuen. Hiru mila metro koadroko eraikin berria egin dugu. Horrekin batera, haurtzaindegiko instalazioak hobetu ditugu.
Zer ezaugarri nagusi ditu Kurutziagako hezkuntza proiektuaren ezaugarriak?
Kalitateko zerbitzua eskainiz, euskal kultura bultzatzeko helburuari tinko eusten diogu. Geure abiapuntua horixe da; beti ere, munduko ikuspegi batetik. Hizkuntzetan ere aintzindariak izan gara. 13 urterekin DBHko 3. mailan irakasgai bat ingelesez ematen dute. Lau urterekin hasten den prozesua da. Eleanitz proiektuaren helburua ikastolatik euskara, erdara eta ingelesa menperatuz irtetzea da.
Zer erronka dituzue?
Kalitateko hezkuntza eskaintzen jarraitzea, geure izaeraren barruan. Datozen proiektuei ilusioz ekin gura diogu. Euskal curriculuma, konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza.... Hausnarketa estrategikoa egiten dihardugu.
40. urtemuga dela-eta, hainbat ekitaldi antolatzen diharduzue.
Maiatzean, ikasle ohien bazkari erraldoia egin genuen. 450 lagun elkartu ginen, eta oso ondo joan zen. Domekarako ekitaldi gehiago antolatu dugu.
Abenduaren 14ko egitaraua
• 12:00etan, lasterketa herrikoia Santa Ana plazatik abiatuta.
• 13:30etik 15:00etara, txahal saiheskia erreta eskainiko dute, Goienkaleko goiko partean.
• 17:30ean, Antzerkia Plateruenean. ‘Amama Pantxikaren altxor ezkutua!’ (Ane Monna, Oskola eta Karramarroi)