43. Euskal Liburu eta Disko Azokak atzo arratsaldeko 20:00etan itxi zituen ateak. Gerediaga elkartea azokak izan duen harrerarekin "pozik" agertu da. Azoka hasi aurretik krisiak zein eragin izango zuen jakin nahi zutela azaldu dute azokako arduradunek. Antolatzaileek salmenten datu zehatzik ez duten arren, argitaletxeek eta diskoetxeek jakinarazitakoaren arabera krisiak ez du gehiegi eragin:"azoka ona izan dute orokorrean eta krisiak ez du izan espero zen eragin esanguratsurik". Azokaren arduradunek ikasleen egunean Landako Erakustazoka "beteta" egon izana azpimarratu gura izan dute. Ikaslez betetako 40 autobusetik gora gerturatu ziren azokara.
Herrialde gonbidatua
Aurtengo herrialde gonbidatua Finlandia izan da. "Harritzekoa izan da, aurten, Suomi hizkuntzak eta literaturak izan duten
harrera ona. Kanpoan ere harrera hori igarri da", diote antolatzaileek. Helsingin Sanomat
Finlandiako aldizkarian Durangoko Azokari buruz berba egin dute Finlandiatik
etorritako lagunaren bisitaren berri emanez.
Aurkezpen aretoa
Azokak aurkezpenak egin ahal izateko gune berria sortu du Landako Erakustazokaren barruan. Espazio berri honek "harrena ona" izan duela diote antolatzaileek. Momentu batzuetan liburu eta diskoak sinatzeko ere erabili izan dute.
Datorren urteko azoka
2008ko azoka orain dela ordu batzuk amaitu den arren, Gerediaga
datorren urtera begira jarri da. 44. Durangoko Euskal Liburu eta Disko
Azokak kataluniarrez sortzen den literatura erakutsiko du. Quim Monzo
idazle kataluniarrak eta Ramon Llull institutuko zuzendari Josep
Bargallók Bernardo Atxaga idazlearen gidaritapean egindako hitzaldiaren
aurkezpenean Nerea Mujika Gerediagako presidenteak datorren urteko
nobedade horren berri eman zuen.