Helburu bikoitza dauka ekimenak 1993an sortu zenetik Bateginezek egindako lana erakutsi gura du eta, aldi berean, San Miguel de Pochutako (Guatemala) errealitatea hurreratu Durangaldeko herritarrei. Sentsibilizazio lan asko egin dela gogorarazi dute Bateginezeko kideek, “azken urteetan jende faltagatik horretarako aukerarik izan ez arren”. Udalaren laguntza ere jaso duen jaialdian bai Durangoko bai Pochutako hainbat ikaslek honako galderari erantzunez egindako marrazkiak ere erakutsiko dituzte: Zelan ikusten dozu zu bezalako neska/mutil baten bizitza Pochutan/Durangon?
Eskerrak eman guran

Gaur egun dozena bat lagunek dihardute Bateginezen lanean; besoetakotzeak 248 dira Durangalde osoan, eta sortutako ikasketa bekak, denera, 92. Udalak lanean jarraitu dezan animatu ditu Bateginezekoak.
Herritarrak parte hartzera deitu dituzte Bateginezeko kideek. Iñurri, Uztartuz eta Sorgintxulo taldeekin batera antolatutako lankidetza-jolas eta tailerrak izango dira jaialdiaren jarduera nagusia —etxeak altxatzea, maskarak margotzea, elkarrekin murala dekoratzea…—. Aldi berean, txokolatea ere banatuko da parte hartzaileen artean.
Etxeko txikienentzako puzgarriak ere jarriko dituzte, eta nagusientzako bidezko-merkataritza mahaia, antolatzaileek jakin eragin dutenez. Bestalde, gogoratu dute Pochutako umeen eskutik heldutako gabonetako zorion agurrak helaraziko dizkiela aita eta ama besoetakoei.
Oihulari Klown antzerki taldearen ikuskizunarekin agurtuko dute kooperazioaren jaia izan gura duena. Otiaticicoh ikuskizunaren bitartez, orain dela lau mendeko ertamerikako indigena talde batek gaur egungo garai eta bizimoduarekin egingo du bat.
Aitatu dugun moduan Durangoko hainbat elkartek parte hartuko dute jaialdian: Iñurri, Sorgintxulo, Uztartuz, Herria auzo elkartea, Kidenda, Andra Maria parrokiako Palenqueko taldea… eta baita Landako, San Antonio-Santa Rita eta Sagrado Corazon ikastetxeak ere. Bateginezen historia eta egitasmoak batzen dituen erakusketa jasoko da, eta, baita Sahara eta Palenqueko egitasmoen gaineko informazioa ere, besteren artean.
Egitaraua:
16:30-19:30: Lankidetza-jolas eta tailerrak ez eze, puzgarriak
17:00: Landakoko umeen abesbatzaren saioa
17:30: txokolatea
19:30: Otiacicoh ikuskizuna (Oihulari Klown)