Eneko Olasagastik 43. Liburu eta Disko Azokari hasiera emango dio

Anboto 2008ko abe. 4a, 11:07

Liburu eta Disko Azoka euskal kulturgintzaren topagune izango da bihar hasi eta abenduaren 8ra bitartean. 43. Azokaren ardatza ‘irudia’ izango denez, egitarauan gai horri lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Eneko Olasagastik eskainitako "Ahozkotasunetik irudimenera Durangotik pasatuz" berbaldiarekin azokari hasiera ofiziala emango diote bihar, 18:30ean elkartegian. Juan Zelaia enpresa gizonak jasoko du Argizaiola saria.

Irudigintzan diharduten profesional, irakasle zein ikasleei zuzenduta, bihar, abenduaren 5ean, ilustratzaileen jarduna aztertuko dute.

Gerediaga elkarteak ikasleei zuzendutako egitaraua indartu gura izan du. Makilaje artistikoari buruzko erakustaldiagaz eta break-dance, hip-hop eta graffiti tailerrekin gazteengana heldu gura du. Berbaro euskara elkarteak urtero prestatzen duen Haur Literatura Aretoa ere gaztetxoentzako ekitaldiz eta edukiz gainezka izango dugu.

Erakusketak
"Elkartegian Pirinioetako hizkuntzak. Lehena eta oraina" erakusketa izango da ikusgai. Lan horrek, euskara, aragoiera, katalana eta okzitanierak literaturan, irakaskuntzan, ekonomian eta beste arlo batzuetan itzitako testigantza batzen du.

Finlandia Azokara bereziki gonbidatu duten herria denez, Azokako sarreran sei panelez osatutako erakusketa prestatu dute. Findandiako literaturgintzaz gainera, bertako hizkuntza eta hezkuntza sistemen garrantzia ere ezagutu leiteke.

Espazio berria
Elkartegiko guneaz gainera, edizio honetan Landako Erakustazokan bertan aurkezpen areto berriari lekua egin diote. Formatu txikiko areto horretan, bisitariak egileekin zuzeneko hartu-emana izango du. Espazio berriak errezitaldi musikatuak, liburu eta diskoen aurkezpenak, ikuskizunak, bideo-emanaldiak eta beste hainbat ekitaldi hartuko ditu.

Nobedadeak
Guztira, 504 nobedade aurkeztuko dira.

Liburuak, 345
Diskoak, 64
Aldizkariak, 15
Bideoak, 15
CD-ROM, 15
Bestelakoak, 50
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!