Azken udalbatzarrean 2009ko ordenantza fiskalak lehengoan uztekotan geratu arren, azkenean, EAJk zergak eta tasak, oro har, %3 igotzea onartu du, “gobernu taldea izateak dakarren erantzukizuna aintzat hartuta”, PP, EB-Berdeak eta Aralarrekin akordioa lortzean; zaborren gainekoa, baina, %4 igoko da.
Aitziber Irigoras alkateak dio ordenantza fiskalak tresna “garrantzitsua” direla eta igoerari esker beste egitasmo batzuk garatzeko dirua jasoko dela. Enpleguan eta gastu sozialean inbertitu gura dute, “herritarrei eragiten deutsen krisiari aurre egiteko”.
EAJk aurkezturiko %4ko igoera atzera bota zuten PP, PSE-EE eta Talde Mistoaren kontrako botoekin; abstenitu egin zen Aralar. Orain, PPk alde egin du, “sektore ekonomikoki ahulenentzat” hobariak jasotzen dituzten zuzenketa partzialak eta %3ko igoera orokorra jaso ondoren: “Zerbitzuak eskaintzeko baliabideak behar ditu-eta Udalak”. Guraso bakarreko familietako titularrentzako hobariak jaso dituzte, “oinarrizko errenta jasoz gero”; babeseko etxe zein sozialen sustapenak ere izango du hobaria.
Aurrekontuarekin aztertzeko beharra berretsi ondoren, kontra egin du Talde Mistoak; PSE-EEk ere aurrekontu eztabaida kontuan ez hartzekotan, ez dutela orain “kolaboratu” gura arrazoitu du.
EB-Berdeak eta Aralar abstenitu egin dira. Azken horrek eskatuta onartu da %4ko igoera zaborretan, eta baita etxebizitza alokairuan jartzeagatiko %50eko hobaria ere Ondasun Higiezinen Gaineko Tasan. TAOaren tasak mantentzeko konpromisoa ere berretsi du EAJk, ordenantza berraztertu arte.
Elkarri erantzunez
Proposatutako %4ko igoera ez eze zuzenketen %90 onartu arren, sozialistek kontra egin izana gogorarazi du EAJk, “ondorioz zerga eta tasen igoera lehengoan utziz”. Hala ere, “negoziatzen” jarraitu eta alderdi bakarrak Udala “blokeatuta” ez izatea lortu dela azaldu du.
PSE-EEk, berriz, eurekin negoziatzeko EAJren “ezgaitasuna” adierazi du: “Zirriborro berrian gure jarrerak jasotzeko asmorik ez dute izan. Udala blokeatu eta ‘des-gobernatu’ gurago dute gurekin akordioak lotu baino”. Zuzenketen %90 onartu direnik ere “gezurra” dela diote: “Sakonekoak 2009an aztertzeko geratu ziren”. Aurreratutako neurrien aurrean, aurrekontuaren zirriborrorik aurkeztu ez denez diru-atalik ez dela onartu diote: “Sentikortasun falta agertu dute gure enplegu politika proposamenekiko; orain arte, bakarrak”.