Ordubete pasa luzatutako eztabaidaren ondoren, aurtengo ordenantza fiskalen luzapena izango dira 2009koak. Zerga eta tasak oro har %4 igotzea proposatu zuen gobernu taldeak, hala ere, PSE-EEren, Talde Mistoaren eta PPren kontrako botoekin proposamenak ez zuen aurrera egiterik izan. Abstenitu egin zen Aralar eta EAJk eta EB-Berdeek bakarrik eman zuten aldeko botoa.
Sei emendakin aurkeztu zituen gobernu taldearen proposamenari Aralarrek, zazpi PP, lau (osotasunezkoak bi) Talde Mistoak eta 30 PSE-EEk. Aralarren hiru eta PSE-EEren 27 inguru —osorik 16— jaso zituen talde jeltzaleak. Azken unera arte ez zuten argitu, baina, sozialistek euren botoa. Nabarmendu zuten zerbitzuak bermatzeko “oso garrantzitsuak” direla ordenantza fiskalak, “baina, ezingo dugu onartu dirua batzea eta gero hori berriro ere herrira ez bueltatzea”. 2007ko aurrekontuaren luzapenarekin diharduela azpimarratu zuten. “Aurrekontua osatzeko ez gaitu era berdinean kontuan hartzen, eta hori ez dago ondo”.
Aurretik EAJk ekarpenek proposamena “hobetu” zutela nabarmendu zuen, eta “oso arrazoizko” testua lortu izana goratu zuen. Azkenean onartu ez zen moldaketari “nahiko positiboa” zeritzen EB-Berdeek, hala ere, gero datorrenari eman zion garrantzia aurrekontuari. Dirua “zaindu” eta “kontrolatu” beharraren eta “aurrekontu sozialaren” alde egin zuen. Aralarrek ere Udalak “bere gaitasun ekonomikoa ezin duela galdu” gogorarazi zuen, “sistema kapitalistak gehien kaltetzen dituzten horiei babesa emateko”.
Aralarrek udalbatzarrean mantendu eta onartu ez zen emendakinean %4,5eko igoera jaso zuen. Horrekin batera, TAOrekin lotutako tasak dauden moduan uztea proposatu zuen, araudi hori berriro aztertu bitartean”. Gobernu taldea ados agertu eta hori egiteko konpromisoa hartu ondoren, zuzenketa hori erretiratu egin zuen Aralarrek.
PP bere aldetik “harritu” egin zuten euren ustez talde guztiengatik “gain hartzeko modukoak” ziren eta azkenean erretiratu egin zituen emendakinetariko bat bera ere ez onartzea ogasun batzordean.
Talde Mistoak berretsi zuen zerga eta tasak aurrekontuarekin batera eztabaidatzekoak direla. Ildo horretan aurkeztu zuen osotasunezko emendakinetariko bat, “jakiteko zenbat gastatuko dugun eta horren arabera kobratuz, edo ikusteko zein inbertsio behar dugun gero zerga eta tasetan gehiago kobratzeko edo ez”. 2008ko aurrekonturik ez dagoela gogoratu zuen, “eta erritmo honetan 2009koa ere ez”. Bigarren osotasunezko emendakinarekin zerga eta tasak berean mantentzea eskatu zuten. Tasak emandako zerbitzuagatik ordaintzen direla aintzat hartuta, “Krisi egoeran” eragindako kostuaren. berdina, “ edo azpitik ordaintzea” proposatu zuten.
Azken horren kontra agertu ziren EB-Berdeak, Aralar eta PSE-EE. Bien konta agertu zen EAJ, gero zertan gastatu jakiteko zenbat diru jasoko den jakitea “logikoena” dela eta inbertsioetarako sarrera kopuru bat segurtatu behar dela arrazoituz.
Talde Mistoak partzial bi be aurkeztu zituen, bat mantenduz. Zaborren eta estolderiaren gaineko tasan kide askotariko familiei bideratutako hobarien antzera, 900 euro kobratzen dituen bikoteari %25eko hobaria ematea jaso zuten.Ados agertu ziren EB-Berdeek eta Aralar. EAJk, berriz, “filosofiarekiko” desadostasuna agertu zuen. “Gizarte Zerbitzuetatik eskaintza askoz ere orokorragoa da. Gizarte langileak eta Gizarte Ekintza orokorra dago behar dutenek halako edo bestelako laguntzak hartzeko, eta bertora zuzenduta eta abaniko guztia eskainita bakarrik lortuko da hori”. Ez zen onartu hori ere ez.