Batetik, genero biolentziaren biktimei euren seme-alaba edo menpeko pertsonen zaintzan laguntzea, eta, bestetik, 45 urtetik gorako iraupen luzeko langabeko emakumeei begirako enplegu politika garatzea: helburu biok uztartzen dituen egitasmo “aintzindaria” martxan da.
Oraingoz, zortzi hilean iraungo du zerbitzuak, eta 07:00etatik 22:00etara eskainiko dute; “baina, bakoitzaren kausistikaren arabera irtenbideak topatuko dira”, Pilar Rios sozialistaren berbetan. Gizarte Zerbitzuetara edo Udalera jota egin daiteke eskaera. PSE-EEk bultzatu eta Udaleko alderdien babes eta inplikazioa dauka programa pilotu horrek; Bilgune Feministaren eta Andereaken babesa ere bai.
Horretarako Durangoko 45 urtetik gorako bost emakume kontratatu dituzte (koordinaziorako psikologoa eta lau klinika laguntzaile), eta jarraipena izango duen formazioa jaso dute: biolentzia fisiko zein psikologikoaren zikloa, seme-alabengan eragina, biolentzia eskola-eremuan, komunikazio eta abildade sozialak… Udaltzaingo buruak eta Berdintasun teknikariak ere parte hartu dute horretan.
Sarturen baitan diharduen Bizitzen irabazi asmorik gabeko fundazioak koordinatutako zerbitzua da, INEMek (44.804 euro) eta Udalak (35.000 euro) diruz lagunduta; Bizitzenek 10.000 euro jarri ditu. 2007an Durangoko 35 emakumek jarri zuten tratu txar salaketa, eta beste hainbestek urruntze-agindua eskatu. Bestalde, 2008ko irailean, INEMen izena emondako 815 durangarretik 463 ziren luzaro lanik gabe zeuden emakumeak.
“Arazo erantsia”
Bizitzeneko gerente Birginia Lizarragaren berbetan, emakumeok “arazo erantsia” dute lan munduan sartzeko: “Ez dute seme-alabak zaintzeko babes sozial edo familiarrik”; horretan eta, behar duenari, formazioa lortzen lagundu gura die. Salaketa jarrita egotea eta tratu-txargilearekin ez bizitzea dira baldintzak; durangarrek dute lehentasuna.