Urki-Hegoalde errepideari bidea zabaltzeko prest

Anboto 2008ko urr. 30a, 13:29

Uriko kanpoko eraztuna osatzeko Urki-Hegoalde errepidea “albait arinen” eraikitzea eskatu du alderdi sozialistak, durangarrentzat hobekuntza “garrantzitsua” izango dela iritzita.Horretarako Open-Klubekin lur-trukea onartzeko prest dira orain sozialistak: gimnasio berriaren alboan den Udalaren lursail baten eta Tabira-Eguzkitza inguruan diren lur zati biren arteko trukea da hori.

Uriko kanpoko eraztuna osatzeko Urki-Hegoalde errepidea “albait arinen” eraikitzea eskatu du alderdi sozialistak, durangarrentzat hobekuntza “garrantzitsua” izango dela iritzita. Horretarako Open-Klubekin lur-trukea onartzeko prest dira orain sozialistak: gimnasio berriaren alboan den Udalaren lursail baten eta Tabira-Eguzkitza inguruan diren lur zati biren arteko trukea da hori.

Tabira Montorretakin lotuko duen errepideak Abadiñotik Durangorako trafikoa eta Okarantza ingurukoa “arinduko” dituela diote. “Azken hori gidari askok laburbide lez erabiltzen dute, eta bertatik oinezko asko ibiltzen direla aintzat hartuta, segurtasuna handituko litzake”, azaldu du Pilar Rios sozialistak.

Lur-truke hori atzera bota zuen udalbatzarrak 2007an. Sozialistek ere kontra egin zuten, enpresaren “ilegalitatea” eta Udalaren “praxi txarra” agerian geratu ondoren. Hala ere, lehenengoz 2006an eztabaidatu zen gaia osoko bilkuran, Open-Klubek baimen gabe igerilekuak eraikita egindako arau-haustea konpondu gura zuela jakin eragin zutenean; 5.000 eta 50.000 euro arteko isuna ekarri ziezaiokeen. Orduan, abstenitu egin zen PSE-EE: “Beharrezkoa generitzon errepideari, hala ere, ez genuen batere argi; ezkutuko akordioaren susmoa geneukan”.

Ardurak argitzea

Ordudanik batere pausorik eman gabe, geldirik dago obra, PSE-EEren berbetan. “Horren aurrean, eta Open-Klubeko azpiegiturak eta bertako 22 lanpostuak erregulatzeko, lur-trukea onartzeko prest gaude”. Hala ere, errepideko lanak “berehala” hastea, “erantzukizunak zehazteko” Hirigintza Batzordea deitzea eta enpresari zehapen-espedientea zabaltzea eskatu dute.
Enpresa Durangoko jendea kontratatzera deitu dute, eta “behar den baldintzetan” egitera, eta aparkalekuari disuasio-erabilera emateko aukera izatea eskatu. Proposamena Gobernu Taldeari helaraziko diote.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!