Txistuarekin jotzeko sortutako lau konposizio estreinakoz jo zituzten Landako Erakustazokako Txistu Kontzertuan, eta guztira zortzi obra izan ziren zuzenean eskaini zituztenak. Besteak beste, Karlos Sanchez Ekiza, Hilario Extremiana, David Azurza, Xabier Sarasola eta Ruper Lekue musikarien partiturak eskaini zituzten, Berziztu elkarteak antolatutako ekitaldian. Eskualdeko hainbat txistulari izan ziren partiturak txistu hots bihurtzen.
Ohitura denez, Berziztu txistu elkartearen helburu nagusietakoa ere badenez, txistua bezalako tradizioko intrumentua doinu berrietara zabaltzea izan da Sanfausto jaien harira antolatzen den Txistu Kontzertuaren zutabe nagusia. Datorren urteko Landako Erakustazokako kontzertua ailegatu arte, helburu horrexekin darrai Durangaldeko txistu elkarteak konposizioa bultzatzen duen lehiaketa antolatzen.
