Sanfausto jaiak zirela aprobetxatuz, Durangoko Kulturalak ekitaldi berezia antolatu zuen joan zen zapatuan Tabiran, etxeko taldeak Zallaren kontra jokatu zuen neurketan. Orain arte klubeko presidente izandakoei omenaldia egin zieten, egindako lana eskertu asmoz. Hainbat belaunalditako lehendakariak elkartu ziren Tabirako berdegunean; txuri-urdinen historiara begiratzeko aukera paregabea.
29 izan ziren omendutako presidenteak, izan ere, Kulturalak ibilbide luzea egin du. 1919an sortu zen, eta geroztik hainbat aldaketa jasan arren, talde maitatua izaten segitzen du Durangon.
Omendutako horietako guztietatik, batzuk ez ziren bertan izan, denbora eta bizilegearen ondorioz. Dena dela, euren izenak ere Kulturalaren historian daude, eta halantxe azaldu zen ekitaldian bizitako unerik hunkigarrienetan.
Lehenengoa kargua hartzen Emilio Baqué izan zen, taldearen sortzaileetariko bat, hain zuzen ere. Bere atzetik etorri ziren gainerako presidente guztiak, Felix Serranorekin hasi, Karmelo Fondado eta abarrekin bidea egin, eta gaur egungo garaietara heldu arte. Fernan Bilbao izan da azken urteetan Tabirako taldearen buru, baina orain Jose Luis Espiau dago ontziaren patroi lanetan. Urtebete pasatxo daroa Espiauk eginbehar horretan.
Durangoko Kulturaletik igarotzen direnek lotura estua izaten dute klubagaz hainbat urtetan zehar, taldea herrian erreferentea dela argi utziz. Horren erakusgarri da zapatuan omendutako asko eta asko taldeko jokalari izan zirela euren sasoian. Beste adibide bat Fernan Bilbaorena da, presidentetza itzi eta gero klubeko publizitate kontuak eramaten jarraitzen du-eta.
Zelai aldaketa
Pertsonak eta horien kargu edo ardurak ez dira, baina, aldatzen diren bakarrak horrelako klub historiko batean.
Kulturala eta durangarrentzat zelai berezia da Tabira; sinbolotzat dute batek baino gehiagok. Dena dela, Kulturalaren hasierako kideek beste berdegune batean eman zituzten lehenengo ostikadak; lehenago San Fausto auzoan zegoen kokatuta txuri-urdinen etxea. 1949an eman zuten San Faustotik Tabirarako aldaketa.
Talde garrantzitsua da Kulturala Durangon, eta gatxa da bere kudeaketaz arduratzea. Hori da, behintzat, presidente ohi gehienek esaten dutena; makina bat ardura eta lan aurrera atera arren, esker txarreko berba asko eta zoriontzeko keinu gutxi etorri izan zaizkie bueltan sarritan, omenaldian esan zutenez.
Zilarrezko garaiak
Durangoko futbol talde nagusia Hirugarren mailan ari da lehian orain, eta aurreko denboraldian asko sufritu eban kategoriari eusteko. Azken bi jardunaldietan eman zion buelta Txintxurretaren taldeak egoera kritikoari.
Gorabehera asko izan dituzte kirol mailan durangarrek, eta horretaz jabetzeko azken denboraldiei begiratzea besterik ez dago. Kulturala talde beteranoa da Hirugarren mailan, dagoeneko 30 bider parte hartu du-eta txapelketa horretan. Bigarren B mailan, aldiz, sei partaidetzatarako aukera izan du bakarrik.
Durangoko taldearen garai onenak Iñaki Olea eta Fernan Bilbaoren agindupean bizitakoak izan ziren; bai behintzat kirol mailan. Bi horiekin hartu zuen parte Bigarren B mailan, zilarrezko ligan. 1989-90 denboraldiko seigarren postua jarraitzaile askoren gogoan egongo da; azkenengoz 2005-06 sasoian parte hartu zuen lehiaketa horretan. Horietxek dira orain Ricardo Txintxurreta entrenatzaile duen taldearen marka hoberenak.
Hala ere, markak edo lorpenak ez dira goiko mailetan bakarrik ulertu behar. Durangoko Kulturala herritik sortu zen XX. mendeko bigarren hamarkadan, eta behe-behetik hasi zen bidea egiten. Hainbat urte eta denboraldi eman zituen erregional edo lurraldekako mailetan, astiro-astiro gorantza eginez.
Alde horretatik, aitatzekoa da, adibidez, 1943an partidu bat bera ere galdu barik irabazi zuela Liga, Julian Sarrionandia karguan zegoenean. Karmelo Fondadogaz ere, klubak gorantzako bidea hartu zuen, eta berak zuzendutako bost urteetan txapelketa batean gailendu zen.
Garai berriak
Jose Luis Espiauk denpora gutxi darama taldearen zuzendari lez, eta garai berriak datozela ematen du. Fernan Bilbaok kargua utzi eta gero, Zuzendaritza berria aukeratzeko batzarrak egin zituzten, eta lehenengoan ez zen inor aurkeztu hautagai. Behin-behineko taldea ipini zen orduan kluba kudeatzen, eta horren ondoren hasi zen Espiau presidente lanetan.
Nagusien mailakoaz gainera, Kulturalak hainbat talde ditu behe mailetan, eta emakumeen parte-hartzea ere nabaria da gaur egun. Azken hamarkadetan futbol klub ugari sortu arren inguruetan, Tabirako taldeak erreferente izaten jarraitzen du Durangaldean, eta baita eskualdetik kanpora ere. Gazte askok egin gura izaten dute euren futbol-heziketa Kulturalean, eta horren ondorio da durangarrek zortzi taldetik gora izatea lehian, infantiletatik hasi eta hirugarren mailaraino. Emakumeen taldeak maila ona eman du azken aldian areto futboleko ligan. Aurtengo sasoian norgehiagoka bat bakarrik jokatu dute oraingoz Durangoko neskek, eta berau irabazita, laugarren postuan daude hiru puntugaz.
Norabidea zehazten
Atzean utzitako lana omendu, gaurko lanak egin, eta orain aurrera begiratzeko ordua da Jose Luis Espiauren klubarentzat. Denboraldi honetan erronka garrantzitsua dauka lehen taldeak. Iazko tentsio eta urduritasunak albo batera utzi, eta liga txukuna egitea izango dute helburu Txintxurretaren mutilek. Sailkapenari begiratuz gero, 14. tokian aurkitu ditzakegu durangarrak, zazpi jardunalditan beste horrenbeste puntu batu ondoren. Tabiran eskuratu dituzte puntu guztiak, bi partidu irabazita eta bat berdinduta, baina kanpoan makal dabiltza orain arte. Koxka batzuk gorago igon beharko dute lasaitasuna eskuratzeko.
Bestetik, klubak jendearen inplikazioan dauka beste erronka bat. Zaleen laguntza eta partaidetza handiagoa bultzatzen ahalegindu beharko dute, batez ere, momentu txarretan.
Zuzendaritzagaz joan den urtean gertaturikoa hausnarketarako gaia da, eta omendutako presidenteek pena sentitzen dute jendeak inplikazioa falta duela ikustean.
Herriko taldea da Kulturala; herritik jaioa. Bere etorkizuna ere durangarren esku egongo da, ezer txarrik gertatu ezean.
Zapatuan Tabiran ospaturiko omenaldia geroko etxe sendo baten lehenengo harria izan liteke; ia halantxik den. Denborak esango du hori.