Durangoko Ordena Publikoko kide Juan Eskubi (ELA-STV) kartzelatik atera eta Derioko kanposantuan fusilatu zutela 70 urte beteko dira urriaren 24an. Egun hori baliatuta, gorazarre egingo die Durango 1936 kultur elkarteak,”haren moduan, askatasunaren alde borrokatzearren hildako, fusilatu eta desagertutakoei”.
Urte bat beteko duen eta 52 bazkide dituen Durango 1936 elkartearen aurkezpena ere izango da 20:00etan hasiko den Platerueneko Agurrik Gabeak ekitaldia.
Frankismoak “itxaropen aldi” hura “suntsitu” zuenetik, “Errepublika eta Euskadiko Gobernuarekin batera askatasuna, justizia eta Euskal Herriaren nazio-eskubideak defendatzearren” bizia eman zutenei buruz askorik ez dakigula-eta, Durangon eta Durangaldean gertatutakoa ikertzeko sortu zen Durango 1936: “Orduko agiriak aurkitu eta batzeko, eta faxismoaren biktimak ezagutu, omendu eta aldarrikatzeko. Egia azaltzeko”.
Informazio gutxi
Han eta hemen egin dituzte datu-bilketa txikiak eta ikerketa interesgarriak, dioenez: “Durangon eta Durangaldean, baina, oso gutxi egin da, Durangoko bonbardaketari buruz edo Otxandion eta Berrizen oraintsu egindakoak salbu. Hildakoen zerrenda bera ere egiteko dago”. Hildako eta desagertuoi Durangon, egundo ere ez zaiela jendaurreko omenaldirik egin be gogorarazi dute; “eta laurogeitaka badira behintzat”. Durango 1936 elkarteak azpimarratu duenez, “70etik gora inpunitate urte ere igaro dira halako krimenak, gaiztakeriak eta lapurretak egin zituztenentzat”.
Durangaldeko 37 lagunek Nafarroako Pirinioetan errepideetan “esklabu” jardun zutela ere gogoratu dute: “Hori Bidangozko batailoian bakarrik, denera, ez dakigu zenbat izango ziren”.
Gerediaga elkartearekin eta Durangoko Udalarekin sasoi hartako ikerketa lana egiten dihardu Durango 1936 elkarteak, eta, Durangon eurak oroitu eta omentzeko gune publikoa sortzeko aldarrikapena ere martxan dago. Elkarte zabala da eta “bakoitzak ahal duen eran” lan egitera deitu dute.
EGITARAUA
* Hildakoen izen-abizenen irakurketa. Txalapartak lagunduta.
* Aurreskua.
* Unai Iturriaga eta Juan Mari Areitio bertsolariak.
* Beren beregi sortutako ‘Agurrik gabe’ abestuko dute
(Unai Iturriagaren hitzak Ander Ertzillak musikatuta).
* Lora eskaintza Olmako tximinian.
* Bide Ertzean (kantaldia).
Erakusketa: ‘Esklabutza frankismopean’, urriaren 24tik azaroaren 2ra, San Agustin kulturgunean.