Nahiz eta antolatzaileek ere onartu aretoak eskaintzen duen espaziora moldatzearren hainbat lan erakusketatik kanpo utzi behar izan dituztela, euren berbetan, Soldek bere bizitza osoan landutako eskulturaren isla da bisitariak bistara izango duena.

Txatarra, zura, landare-sustraiak eta burdina bezalako materialak baliatuta landutako eskulturak dira urrian zehar Durangoko Museoko aretoa beteko dutenak. Artistaren gaitasun artistiko zabala erakusten du erakusketak, eta horregatik nahikoa erakusketa hetereogeneoa dela esan daiteke; Durangon jaio eta bizitako artistak landu zituen askotariko arte adierazpide eta baliatutako materialen erakusle.
Soiltasuna
Txatarrarekin edo, esate baterako, fabrika bateko hondakina izan zitekeenarekin, ama bat bere semea besaoetan duela edo txirrindulari bat osatzen zituen eskulturgileak. Sinpletasuna eta soiltasuna ardatz hartuz beti. Tamainari begiratzen badiogu oso handiak ez diren piezak dira erakusketa honetakoak, askotan berrerabilitako maiterialarekin imajinazioaren eta lanaren bitartez Diez Soldevillak sortutakoak.
Erakusketaren katalogoan jasota datorrenez, Soldek inguruko edozein objekturi azalpen artistikoa ematen zion, eta horren isla ere bada erakusketa. Eta bere garaiko gizona zenez, “herri-kultura, kontsumo-gizartea, ikuskizunaren gizartea eta posmodernotasuna ere islatu zituen bere lanean”. Arte-lanen salerosketa salatzen zuen, besteak beste.
Hamahiru urterekin inguruko baserrien koadroak egiteko enkargua jaso zuenean murgildu zen margogintzan Solde, eta urte bi geroago hasi zen forja batean lan egiten; garai hartan beste hainbeste bezala. Ondoren eskulturak egiteko baliatu zituen teknikak bertan ikasi zituen.