2009ko zerga eta tasei begira %4ko “arrazoizko” igoera proposatu du EAJk, “oraingoa herritarrentzat egoera ekonomiko onena ez dela-eta”. Iazko uztaileko Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) eta aurtengo uztailekoaren arteko diferentziala baino 1,3 puntu gutxiago; KPIa beste igo ohi dituzte.
Hala ere, izango da salbuespenik: igoerarik barik mantenduko dituzte ondasun higiezinen gaineko zerga (%1,06), ekonomia jardueren eta eraikuntza, instalazio eta obren gainekoa, eta, plusbalien gainekoa. “Hala ere, azken horrekin eta ondasun higiezinen gaineko zergarekin lotuta, Aldundiak jarritako balioen araberako igoera somatu daiteke”. Ibilgailuen gainekoa, berriz, %4 igoko da zerbitzuekin lotutako tasak lez: zabor eta estolderia, autotaxia, agiriak luzatzearen gainekoak… Baimen urbanistikoen edo jabari publikoa hartzearen gainekoa ere bai.
Bestalde, zarata neurtzeko irteerak 250 euro balioko luke, bide judiziala hartuz gero proba lez erabiltzeko agiria jasoz; eta, kide ugariko familientzako hobarietan, errolda behin betikoa izan arte onartu dira eskariak. Hilaren 17a arte aurkeztu daitezke zuzenketak eta ohiko bilkuran onartu gura dituzte hasieran; behin betiko, berriz, abenduaren 3an.