Durangon egindako Zarata Mapan jasotako datuak oinarri hartuta, Ostalaritza Araudiak batzen dituen neurri zuzentzaileak betearazi daitezela eskatu du Durangoko Alde Zaharra elkarteak (DAZ).
Tokiko Agenda 21eko foroan jasotako neurria da zarataren gaineko ordenantza lantzea, baina betearaztea “zail” ikusten dute, eta mesfidantza agertu dute. Hala ere, zarataren arazoa hor dagoela nabarmendu dute, eta lanean hasteko era deritze orain “betetzen ez den” ostalaritzaren araudia betearazteari.
Alde Zaharrekoek gogoratu dute Jaurlaritzak dekretuz zehaztutako 30 dezibelioko muga gainditu egiten dela Kalebarria, Komentukale, Goienkale zein Santa Anan, agerian utziz sei urtetik honako kexak “arrazoizkoak” direla. Gaueko astialdiak eragindako zarataren aurrean, Udaleko alderdi guztien “sentsibilitate politiko” falta ere salatu dute: “Arazoa ikusteari utzi die, eta Udalaren erantzukizuna da herritarren interesak zaintzea. Hau izeberraren punta baino ez da; erantzun bako eskariak batzen ditu”.
Sinadurak
‘Isuri txikiko gunearen’ alde direla azaldu ondoren, Zumalakarregi kalea itxi eta horko 47 aparkalekuak kentzeari ere ulertezina deritze: “Ezkurditik beste guneetara igaroko da kutsadura, eta uriko kutsadura arazoa ez da asteburuetan arinduko, eta, disuasio-aparkamenduak beharrezkoak dira”. Alde Zaharrean 1.000 familia eta 900 ibilgailutik gora daudela diote. Herritarren iritzia jaso eta sinadurak batuko dituzte urriaren 4an eta 11n, Andra Marin.