Antzinako lanbideak gordetzeko

Anboto 2008ko urr. 2a, 13:57

Ondarearen Europako Egunarekin bat eginda antolatu dute Arbaso Artisau Elkarteak eta Durangoko Udalak, urriaren 4an, Andra Mariko elizpean egingo duten lanbide tradizionalei buruzko erakusketa.

Ondarearen Europako Egunarekin bat eginda antolatu dute Arbaso Artisau Elkarteak eta Durangoko Udalak, urriaren 4an, Andra Mariko elizpean egingo duten lanbide tradizionalei buruzko erakusketa.



Irudian agertzen den dendan bezala, Durangoko beste batzuetan ere ikusi ahal izango duzue zapatuko erakusketaren iragarpena. Izan ere, kartelak jarri beharrean, euren ekimena herritarrengana zabaltzeko bestelako modua baliatu dute: elkartean batzen diren artisauek zurarekin edo harriarekin, besteak beste, landutako lanak euren erakusleihoetan ipini dituzte, zapatuko erakusketaren iragarle.

Zapatuan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00ak arte, burdina, zura, buztina edo ohialarekin lan egiten duten Euskal Herriko hainbat lurraldetako artisauek hartuko dute Andra Mariko elizpea. Izan ere, antolatzaileek nabarmendu gura izan dutenez, sarritan, pertsonekin barik eraikinekin lotu ohi dugu ondarea, eta orain arte Ondarearen Jardunaldiak ere horretara zuzendu izan dira batez ere.

Pertsonak izatea jardunaldietako protagonista: horixe izango dute aurtengo ekimen honetan oinarri, eraikinak zutik mantentzea errazagoa omen delako, iraganeko lanbideak bizirik mantentzea baino. Ondarea harrizko erainak barik, pertsonak eta iraganeko garaietan izan diren lanbideak ere badirelako. Durangon, orain mende erdi hain ohikoak ziren ogibideak, eskuz egiten ziren lanen tradizioak, galtzen ez uztea ere bada Ondarearen Europako Egunaren helburu, antolatzaileen ustez. Egunerokotasunean galdu diren lanbideak guztiz galdu ez daitezen eta kulturaren zati hori gure artean mantendu dadin, beharrezko ei da artisautza kalean ikusteko aukera izatea.

Buztin tailerra
Umeei buztinarekin jolasteko aukera emango dien eskaintza izango da zapatuan Durangoko Andra Mariko elizpean. Artisau baten laguntzarekin umeek buztina lantzen ikasteko aukera izango dute zapatuan, ikusteaz gainera, egiten jakiteak bermatuko baitu aurrerantzean ere artisauen lana ez galtzea eta gure ondarearen parte den jakintza eta bizimodu horiek mantentzea. Horixe da zapatuan izango den erakusketaren helburu nagusia.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!