Erakutsi dute kartela

Anboto 2008ko urr. 2a, 13:55

Durangoko 43. Liburu eta Disko Azoka iragarriko duen kartela lehiaketa bidez aukeratu du Gerediaga Elkarteak aurten ere, bigarrenez. Aritz Zabala gasteiztarraren irudia izan da 2008ko Azokarako aukeratua.

Abenduaren 5etik 8ra euskaltzalez, liburuz eta diskoz bete-beteta egongo den Landako erakustazoka huts-hutsik zela aurkeztu zuten martitzenean 2008ko Liburu eta Disko Azokaren kartela. Azokako egunetan disko eta liburuen izenburu eta egileei begira izaten diren kameren objektiboak kartelera zuzendu ziren aurkezpen horretan. Beste batzuk izan ziren aurkezpeneko protagonistak, eta desberdinak dira Azoka iragartzeko aurtengo kartelak jaso dituen elementuak ere.

azoka3.jpg                   

Durangoko 43. Liburu eta Disko Azoka iragarriko duen kartela lehiaketa bidez aukeratu du Gerediaga Elkarteak aurten ere, bigarrenez. Iazko urtera arte, elkarte antolatzaileak eskualdeko artistaren bati enkargatu izan dio Abenduko Durangoko zita Euskal Herriko bazter guztietan zabaldu duen irudia, baina, esan bezala, diseinu munduan dabilen jendearentzat erreferentzia bilakatu da, iaztik, Durangoko Liburu eta Disko Azokaren kartela aukeratzeko lehiaketa. Gasteizko 25 urteko Aritz Zabalaren irudia izan da 2008ko Azokarako aukeratua.

Gerediaga elkarteko kide eta kartel lehiaketako epamahaiko  ere baden Jon Irazabalek azaldu duenez, Azokako zutabeetako bat  islatzen du Zabalak osatu eta Gizon Ikustezina Azokan deitu duen kartelak: liburu eta diskoak aurkeztera datozen idazleengatik eta musikariengatik ez ezik, azokak hainbeste urtean iraun badu urtero-urtero bertara hurreratu izan diren herritar anonimoei esker dela adierazten du irudiak; abenduko egunetan azokara inguratzen diren ehunka euskaltzale anonimo horiek guztiak gura izan dituzte aintzat hartu.

Hain zuzen ere, askotan Azokako protagonista nagusi bilakatzen diren sortzaileen lanak irakurri eta entzuten dituzten lagun horiek guztiak dira karteleko protagonistak. Haiek barik Azoka ez litzatekeela gaur dena; horixe adierazten duelako hautatu ei dute Zabalaren kartela, Irazabalek aurkezpenean esan zuenez: “Daukan mezu zuzenagatik”.

Egileak berak ere hitzez azpimarratu gura izan du kartela, eta irudi horrekin irakurle eta entzule ezezagun horien guztien ezinbestekotasuna bistaratu gura izan duela adierazi du: eurak barik Azoka honek ez lukeela gaur egun duen indar eta garrantzia izango.

Irakurle eta entzule horien beharraren ideia irudikatzeko, gainera, modu egokia baliatu du publizitate grafikoa ikasitako egile gasteiztarrak kartel lehiaketako epaimahaiaren ustez. Hain zuzen ere, kartelaren “sinpletasun plastikoa” nabarmendu du epaimahaiak. Zabalaren irudiak bisualki eragiten duen “inpaktua” ere aintzat hartzekoa iruditu zaio kartela hautatu duen epaimahaiari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!