Irangan eguenean kolore berdez tindatuta agertu ziren Durangoko Mañaria eta Elorrioko Zumelegi errekak. Udalak hasieran "adarjotze" bat zela azaldu zuen, baina Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlanak bere gain hartu du "errekak berdez tindatzearen ekintza".
Komunikabideetara bidalitako ohar batean Elkarlanak aldarrikatzen duenez, "Abiadura Handiko Trena Udalatx erditik igaroko da eta bertako akuifero baliotsua galtzeko arrisku bizian gaude". Erreka kolore berde horrekin ikusita ura kutsatuta dagoelako arduratu direnei Elkarlenetik ohartarazi gura izan diete, "AHTak lurpeko ur, erreka eta lurrak kutsatuko" dituela, makinetako olio eta beste produktuak lurrera eta uretara isuriko omen dituelako. AHT Gelditu Elkarlanak helarazitako oharrean aldarrikatzen duenez, AHTak ekarriko dituen kalteetako bat baino ez da trenak eskualdeko erreketan izango duena.