10. urteurrena ospatzeko

Anboto 2008ko ira. 25a, 10:22

Data bi gurutzatu dira irail honetan Ibaizabal errekaren ertz batean kokaturiko istorio honetan: Durangoko San Agustin kulturgunearen eta Karrika antzerki taldearen 10. urteurrenak. `Ametsen faktoria' ikuskizuna prestatu du Karrikak.

Data bi gurutzatu dira irail honetan Ibaizabal errekaren ertz batean kokaturiko istorio honetan: Durangoko San Agustin kulturgunearen eta Karrika antzerki taldearen 10. urteurrenak. Ikasturte hasiera honetan ere, bat egin eta urteurrena elkarrekin prestatzeko Ametsen faktoria ikuskizuna prestatu du Karrikaak, eta, emankizuna non eta azken urteetan taldearen antzerkiko ametsak gauzatu diren “faktorian” egingo dute: San Agustin kulturguneko sarreran eta pareko errekan. Hiru egunetan emango dute antzezlana. Gaur (barikua) eta bihar (zapatua) 22:00etan izango da; etzi, irailaren 28an, 21:00etan.



San Agustineko bazkide guztientzako gonbidapenak banatu dituzte San Agustin antzokiko arduradunek, eta 10. urteurrena ospatzeko antolatu duten herriko taldearen emanaldira lagun asko batzea espero dute, hiru egunetan.

Antzerki munduan amets egiten duen jendearentzako “auto-emanaldia” egingo dutela azaldu digute asteon, asteburuko emanaldietarako azkenengo entsegu eta azkenengo ikutuak ematen topatu ditugunean. Eskukada bi urteotan egin duen bideari jarraituz baina kasu honetan Ibaizabal errekaren hariari helduz, alderdi plastikoari eratu dute antzezlana; mugimenduari eta musikari arreta berezia eskainita. 110 minutuko iraupena duen lana osatu dute.

Antzerki eskola jaio
Klasetik edo lanetik atera eta asteko arratsaldeetan San Agustinera joanda antzerkian lan egiten jarraitzeko prest izaten den talde batek osatzen du Karrika. Antzerkiaren inguruko guztia “autoekoizpenaren” bidetik egiten dute: eszenografia, a-trezzoa, jantziak... ere eskuz lantzen dituzte. Lan-talde izaera hori da Karrika bizirik mantentzen duena: antzerkia jolas bilakatu du lan egiteko prest ere baden talde honek, lotsa eta aurreiritziak alboratzea lortuta.
Gaur, San Agustineko oholtzarako eskaileretan, hasierako taldetik irauten duten Elena eta Txotxe zein belaunaldi berriko kideak batuko dira. Aktoreekin batera soinuaren, argiaren eta irudiaren ardura dutenak... lagun asko dira Karrikaren inguruan dabiltzanak. Urte guztiotan, ehun lagun baino gehiago izan dira Karrikako kide.

Karrika antzerki taldea bilakatu den sormen eta antzerki faktoriaren hastapenetan, orain hamar urte, helburua argi eta garbi zutela azaldu digu Txotxe zuzendariak: eskualdean orain hamar urte existitzen ez zen euskarazko antzerkigintzan indar egitea; antzerkiaren inguruko sormen lanaren prozesu guztia eta antzerkiaren inguruan sortutako harremana euskaraz izateko espazioa sortzea.

Ibaizabaleko ametsak
Antzezlanak sortu eta erakutsiz, antzerkigintza profesional eta amateurreraren arteko zubia da Karrika. Eta Karrika den zubia, errekara inoiz baino gehiago gerturatuko da Ametsen faktoria antzezlanean. Ametsak sortzen diren lekua antzokia dutela diote Karrikakoek, eta gaueroko esan ezineko ametsak eta ipuinak eramaten dituela antzokitik metro eskasetara igarotzen den Ibaizabal errekak. “Kasualitate urbanistiko hori aprobetxatuz”, Txotxe zuzendariak azaldu duenez, errekak dituen txoko eta espazio berezi eta politak baliatuko dituzte ikuskizun honetaerako.

Hamargarren urteurrenerako prestatu duten ikuskizunean, errekatik hartutako istorioak osatu eta beste forma batekin eskainiko ditu Karrika antzerki taldeak, urtebeteko prestaketa behar izan duen Ametsen faktoria antzezlanean.

“Oholtzarako pausua, barrura begiratuz egiten den esperientzia kolektiboa da”, eskualdeko hainbat herritako antzezle eta teknikariek osatzen duten taldeak aldarrikatzen duenez. Ikuskizunean 22 lagunek hartuko dute parte; 22 lagunek dihardute Ametsen faktorian lanean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!