Hezkuntza arloan zein berezko interesa izan dezaketen bestelako sektoreetan diharduten hezitzaile eta profesionalei zuzenduta, Stop Bullyng izenburupeko jardunaldiak antolatu dituzte Maristak ikastetxean, irailaren 22an eta 23an.
Europako bederatzi zentrok elkarlanean kaleratutako ondorio eta irizpideak aztertuko dituzte bertan, zentroko arduradunek jakin eragin duten moduan.
Astelehenean izango den lehenengo jardunaldian eskola-jazarpenean —ingelesezko “bullyng” berbarekin ezagutzen dena— aditu direnen eskutik gaiaren inguruko eztabaida sortuko dute. Ikastetxeko areto nagusian izango da mahai ingurua, eta berton jardungo dute hizlari moduan Iñigo Lamarca Arartekoak, Andreas Schäfter Gernika Gogoratuz elkarteko kideak eta Milango (Italia) Bitartekaritza Areto Nazional eta Internazionaleko kontziliazio zerbitzuko adituen batzordeko kideak.
Bullyngaren aurre egiteko
Bullyngaren aurka Europar Batasunean egin diren jarduerarik onenak ezagutzeko eta Bullyngari aurre egiteko eragileak prestatuz, hezitzaileak trebatzeko materiala sortzeko proiektu baten aitzindari da Maristak 2006tik, Leonardo da Vinci proiektu pilotuaren barruan eta Europar Batasunean hautatutako beste bazkide batzuekin batera. Hala jakin eragin dute hezkuntza zentrokoek.
Martitzenean, urte biko ikerketaren ondotik sortutako materialen bitartez egitasmoaren ondorioak azalduko dituzte.
Julen Elgeta zentroko zuzendariak, Felix Etxebarriak EHUko katedratikoak eta Jaurlaritzako Etengabeko Ikaskuntzako zuzendari Igone Azpirozek parte hartuko dute; 16:00etan hasi eta 18:30 arte iraungo du.