Isuri txikiko gunea sortuko dute asteburu honetan hasita

Anboto 2008ko ira. 18a, 09:49

Isuri txikiko eremua sortuko dute Durangon. Zapatu honetan hasita, ibilgailuentzako itxita egongo dira asteburuetan San Agustinalde kalea—Josemiel Barandiaran kalearen bidegurutzetik hasita— eta Zumalakarregi –Montebideo kalearekin bat egiten duen tartera arte–; oinezkoentzat edo bizikletan doazenentzat izango dira bi kaleok, beraz. Zapatuan 13:30ean itxiko dute eremu hori ibilgailuentzako eta astelehenean 06:00etan zabaldu.

Asteburu honetantxe jarriko dute martxan ekimen berri hau, aitatu dugun moduan. Hala ere, ibilgailuen sartu-irtenak mugatuko dituen pibotea irailaren 22an ipiniko dute, Auto Bako Egunarekin bat eginda.

Ibilgailuen sartu-irtenak bideratzeko pibotea jartzeko lanen eraginez, irailaren 28ra arte itxi egingo dira San Agustinalde eta Zumalakarregi kaleak. Beraz, Alde Zaharrera eta Zumalakarregira Balbino plazatik edo Kanpantorrosteta kaletik sartu beharko dute auto gidariak.

Baimendutako ibilgailuen sartu-irtenak bideratzeko jarriko du pibote hori Udalak, Josemiel Barandiaran eta San Agustinalde kaleek bat egiten duten lekuan, hain zuzen ere, eta TAG txartelarekin funtzionatuko du. Txartel hori Trafikoaren eta Aparkalekuaren Ordenantzaren (TAO) bulegoan eskuratu daiteke.

Baimendutakoak bakarrik

Zumalakarregi kaleko 18an garajea dutenek izango dute isuri txikiko gune horretan sartzea aitatutako denbora tarte horretan; baita kale horretako bizilagunek ere, zamalanak egiteko bada. San Agustinalde kaleko 1, 1A, 2 eta 4 zenbakietako bizilagunek ere sartu ahal izango dute zamalanetarako.

Azkenik, gaur egun oinezkoentzako gunean sartzeko baimena duten bizilagunek ere izango dute bertara sartzea, baina hiriguneko oinezkoen gunean sartzeko baino ez. TAOaren bulegoa (Txatxiena 4), aste barruan 09:00etatik 14:00etara dago zabalik, eta bertan argitu dute TAG txartela eskuratzeko zer behar den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!