
Bilbainadek, jotek eta XIV. Txistu Kontzertuak ere ez dute hutsik egingo; ezta orkestra zein fanfarre, txistulari, gaitero, txalapartari eta txistulariek ere.
Kaleko ikuskizunak
Egunero hartuko du kalea ikuskizunen batek Poxpolo, Mokolo eta Konpainia, Mumusic Circus, Mamu Txikiak, Txanogorritxu rock, La Feria de los imposibles, Malabreikers… Nobedadeen artean, berriz, Balkoitik Balkoira bertso saioa edo tortilla lehiaketa ditugu. Urtez urte euren lekua mantendu duten ohiko ekitaldiak ere jaso dituzte egitarauan Jai Batzordeko kideek eta parte hartzera deitu dute. Herritar guztientzako egitarau “betea” eta “orekatua” osotu dutela adierazi dute eta umeentzako eskaintza indartu dutela.
Jai Batzordearen lana zoriondu dute
EB-Berdeek Jai Batzordeak egindako lana eskertu eta goratu dute eta “eguneko ekitaldiak indartu” izana nabarmendu. Oro har Udaleko taldeek, gai batzuekiko desadostasunak agertu arren. Aralarrek elkarteen “inplikazio” falta gogoratu du eta Udala “akonfesala” izanik egitarauan urriaren 13ko meza santua batu izana akats “larria” deritzo, batzuentzat “iraingarria” izan daitekeela-eta. Txosnen kokapenarekiko desadostasuna agertu du PPk: “Azken urteotako egitarau onena izan arren, ezin dugu herritar batzuk urtez urte sufritzen diharduen jai batzuen alde egin”.
Osatutako jai egitarauagatik zoriondu du Jai Batzordea PSE-EEk, batez ere “zabaldutako baloreengatik, aukera berdintasuna eta garapen iraunkorra” tarteko. Gaztetxean egingo den kontzertu bat egitarautik ateratzea eskatu izan dute sozialistek, “akats larritzat” jota. “Okupatuta dagoen eraikina da eta ez dago behar den moduko baldintzetan. Zerbait gertatuz gero Udala erantzule subsidiario izan daiteke”. EAJk “akatsa” onartuta ekitaldi hori egitarautik atera du.
Horrek Talde Mistoak egitarauaren kontra egitea eragin zuen, “ekintza batzuekin ados egon ez arren, eta edukian sartu gabe, orokorrean egitarauaren alde egon” arren, “gizarteko zati bat baztertuta” geratzen dela arrazoituta. Natxo Martinez zinegotzi jeltzaleak aitatutako Gaztetxearen jardunerako “legezko leku egokia” topatzeko beharrarekin guztiz ados daudela nabarmendu du Oier Perez zinegotziak. Aurretik, aukera berdintasunaren arloan zeharkako lanean jarraitzera animatu zuten Jai Batzordea. Egindako ekarpen guztiak zoriondu gura izan dituzte eta herritarrak “jai herrikoiak” egitera animatu.
Txosnen kokapena
Txosnak Pinondon egokituko dituzte, aurten. Azkenekoz izango dute bertan kokapena. Izan ere, Natxo Martinez zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, urte bi barri txosnek kokapen finkoa izatea aurreikusi dute: “Hor ere sortu daitezke arazoak. Hala ere, txosnari ez balego ez litzake berdina”. Ezkurdin izango lukete leku finkoa txosnek, “Euskotrenen geltokia edo etxebizitza dorreak alde batera utzita espazio gogor bat” sortu gura da bertan barrakak eta txosnak jartzeko. “Beti berdinari molestatzea ez da bidezkoa, baina, oraingoz ez dugu kokapenik”. Euskotrenen tailerrak botata sortu gura dute bertan txosnentzako lekua.