Mugikortasun iraunkorrari heltzea helburu hartuta

Anboto 2008ko ira. 15a, 14:21

Autorik Gabeko Eguna izango dugu datorren irailaren 22an, astelehenean. Hori aitzaki hartuta Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea antolatu du Udalak, aurten, laugarrenez. Hainbat dira, irailaren 16an hasita izango diren ekintzak.

Autorik Gabeko Eguna izango dugu datorren irailaren 22an, astelehenean. Hori aitzaki hartuta Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea antolatu du Udalak, aurten, laugarrenez. Hainbat dira, irailaren 16an hasita izango diren ekintzak.

Antzinako bizikleten erakusketa zabalduko dute San Agustin kulturgunean, astelehenera bitartean luzatuko dena. Era berean, Durangoko Zarata Maparen eta zaratari aurre egiteko ekintza plana aurkezteko dute, martitzenean, irailaren 16an, 19:00etan, Landako Elkartegiko Areto Nagusian.

Horrezaz gainera, gidatze eraginkorrari buruzko ikastaroak eskainiko dituzte Energiaren Euskal Erakundearen eskutik, irailaren 18an. Izena ematea derrigorra da eta horretarako 94 466 97 39 telefonora deitzea edo agenda21@durango-udala.net helbidera mezua bidaltzea baino ez dago. Landako Elkartegiko Areto Nagusian izango dira, 09:00etatik 13:00era eta 15:00etatik 19:00etara.

Jesus Oñate y Hnos. eta Bruss enpresetan ate irekien jardunaldiak ere izango dira, asteon. Hurrenez hurren, irailaren 17an eta 19an hain zuzen. Izena ematea derrigorra izango da enpresa horren instalazio eta jarduerak bisitatzeko.

Bizikleta martxa

Asteburuari begira ere eratu dute ekitaldirik. Holan, irailaren 20an, herri martxa izango da bizikletaz. Durango eta Iurretako kaleetatik egingo dute ibilaldia autoei lekua hartu guran. Santa Ana plazatik irtengo dute, 17:00etan — parte hartzaileen artean opariak egingo dituzte zotz—.

Autorik Gabeko Egunean, berriz, Zumalakarregi kalea itxiko dute eta umeei zuzendutako makina bat ekintza izango dira, egun osoz. Egun hori aprobetxatuko  dute baita Durangoko Bidegorrien Sarearen Egitasmoa aurkezteko. Landako Elkartegian izango dira hori, 19:00etan. Aipatu dezagun Mugikortasunari buruzko lantaldearen lehenengo batzarra egiteko ere aprobetxatuko dela.

"Kontzientzia astintzeko"

Autorik Gabeko Eguna aprobetxatuz egun batez autoa geldirik uzteko gonbidatu luzatuko du Udalak. Era berean, autoaren erabilerari buruz  “kontzientzia astindu” asmoz informazioa zabalduko dute etxez etxe.

Aire garbia guztiontzat lelo horrexekin ospatuko da, asteon, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea. Hori aintzat hartuta, Tokiko Agenda21eko foro parte hartzailearen baitan sortutako airearen kalitateari buruzko lan-taldean jorratutako ekintzak egitarauan jasotzeko aprobetxatu dute. Udal arduradunek lan-talde horrek egindako lana goratu dute, eta, aldi berean, uriko enpresen parte hartzea nabarmendu.

Airearen kalitateari buruzko lan-taldeak uztailean aurkeztu zituen ateratako ondorioak, hala ere, lanean jarraituko dutela jakin eragin dute. Era berean, mugikortasunaren inguruan jardungo duen lan-taldea astelehenean bertan hasiko da lanean eta, azaroan, irisgarritasunaren ingurukoa sortuko dela jakin eragin dute. Tokiko Agenda21eko foro parte hartzailearen baitan lehentasunezkoak jo ziren hiru gaiak dira horiek.

Udal arduradunek jakin eragin gura izan dute Udalak ibilgailu hibridoa erosi duela Udaltzaingoarentzat; gasolioa eta energia elektrikoa erabiltzen duen ibilgailua: “Ohiko ibilgailuekin alderatuta %50 gutxiago kutsatzen du eta , hirigunean bertan, %70 gutxiago”. Bestalde, gogoratu dute motordun ibilgailuen gaineko zergarekin lotuta 2008an lotutako hobariak mantenduko dituela. Ibilgailu elektrikoen kasuan %75eko da hobaria eta hibridoetan %65ekoa. Jaurlaritzak ere diru-laguntzak bideratzen ditu: 6.000 euro ibilgailu elektrikoa erosterakoan eta 2.000 euro hibridoen kasuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!