Kirol praktikatzeko 220 plaza gehiago eskainiko ditu Udaleko Kirol Erakundeak (UKE) aurten, aurreko ikasturteko eskaintzarekin alderatuta. Guztira, 2.068 plaza izango dira oraingo ikasturte honetan, UKEko arduradunek jakin eragin dutenez.
Besteren artean, mantenu gimnasia, aerobica, batuka, patinajea, yoga, pilatesa, bodyweughta eta aquagyma dira eskaintzen dituzten kirol jarduerak; igeriketa, paddela eta tenisa, patinaje eta eskalada ikastaroak ere bai. Argitu dutenez, “apurka-apurka handituz doa kirolari dagokion erabiltzaileen eskaera, UKEk kirol jarduerarako leku mugatua daukan arren”.
Eskaintza “bikoiztu” dute
Ildo horretan, azken lau urteetan eskaintza “bikoizteko” aukera eman duten azpiegitura berriak egokitu dituztela nabarmendu dute udal arduradunek: “Hala ere, herritarrek badakien moduan, uriko kirol azpiegiturak zabaltzen dihardugu”.
Hori aintzat hartuta gogorarazi dute oraingo eskaintza “behin-behinekoa” dela. Izan ere, bai oraingo Landako kiroldegia handitzeak —kirola egiteko gune zabal berri bi egokitzeko aukera emango du— bai han bertan eraikitzen diharduten kiroldegi berriak aukera emango dute plaza kopurua zein kirol jarduera eskaintza “nabarmen” igotzeko. Gaineratu gura izan dutenez, “kirola egin gura duen edo gaitasun fisikoa hobetu gura duen edozein herritarrek horretarako aukera izan dezan” lortzea da euren lanean duten azken helburua.
UKEko arduradunek jakin eragin dutenez, ikasturtea amaitu aurretik eskainitako plaza kopurua 3.000ra ailegatzea aurreikusi dute.