Zumalakarregi kalea “isurtze baxuko gune” izatea helburu

Anboto 2008ko ira. 4a, 14:22

Zumalakarregi kalea ibilgailuentzako itxi egingo dute asteburuetan, irailean. Mugikortasuna Astearekin bat eginda abiatuko dute ekimena, irailaren 20an, udal arduradunek jakitera eman dutenez. Tokiko Agenda 21eko foroan sortutako ekimena da eta “isurtze baxuko gunea” sortzea dute helburu.

Zumalakarregi kalea ibilgailuentzako itxi egingo dute asteburuetan, irailean. Mugikortasuna Astearekin bat eginda abiatuko dute ekimena, irailaren 20an, udal arduradunek jakitera eman dutenez. Tokiko Agenda 21eko foroan sortutako ekimena da eta “isurtze baxuko gunea” sortzea dute helburu.

Zapatuetan 13:30ean itxiko dute Zumalakarregi kalea, eta ibilgailuek ez dute bertatik igarotzerik izango asteleheneko 06:30 bitartean, udal arduradunek azaldu dutenez. Zehatz esanda, irailaren 20an abiatuko dute ekimena, Auto Gabeko Egunarekin bat eginda; irailaren 22an izango da Auto Gabeko Eguna, eta ekimen honen estreinako asteburu horretan martitzenera bitartean egongo da ibilgailuentzako itxita Zumalakarregi kalea. Oraingoz, irailean zehar iraungo du ekimenak. Dena dela, ekimena modu iraunkorrean mantentzeko aukera aztertu gura ei dute, Mª Jose Balier alkateordeak ekimena aurkeztean azaldu zuenaren arabera.

Airearen kalitatea

Airea gehien kutsatzen dutenak dira industria, hiri barruko trafikoa, obrak eta garbitasun zerbitzua. Hala adierazi du Balierrek. Hori ikusita eta aintzat hartuta, Udalaren eta Tokiko Agenda 21aren lehentasunetako bat airearen kalitatea hobetzea da, eta horretarako ekintza zuzen lez proposatu dute Zumalakarregi kalea ibilgailuentzako ixtea. Udalak airearen kalitatea hobetzeko ekintza plana onartu zuen 2007an.

“Isurtze baxuko gunea” sortzea da helburua, aitatu dugun moduan: “Autoen erabilera gutxitzea lortu gura dugu eta horren haritik mugatuko dugu trafikoa asteburuetan Zumakalarregi, Joxemiel Barandiaran ingurutik Ermodorekin bat egiten duen zatiraino”, Balierrek argitu duenez. Bizilagun, taxi eta garbitasun zerbitzukoek izango dute sartzea.

Ekimen “aitzindaria”

Ekimen “aitzindaria” da eta Tokiko Agenda 21eko Kutsadura Atmosferiko eta Akustikoaren Lan Taldearen babesa dauka, Balierren berbetan. Bertan herriko elkarteek, Udaleko politiko eta teknikoek eta hiriko zenbait enpresak —Bruss, Oñate Hermanos eta Azterlan— parte hartzen dute. Joan zen apirilean sortu zen talde hori eta hamabostera batzartu ohi dira 15 bat lagun. Bertan proposatutakoak dira Mugikortasun Asterako ekintzak.

DAZ: “Alde Zaharreko aparkalekuak bermatuta litzake eraginkorra”

Alde Zaharreko bizilagunen aparkaleku plazen erabilera errespetatzen bada izango da “eraginkorra” luzatutako proposamena, Durangoko Alde Zaharra (DAZ) elkartekoen ustez.
Begi onez ikusi dute kutsadura atmosferiko eta akustikoari aurre egiteko eta  bizi-kalitatea  hobetzeko proposamena, baina  alde zaharrekoek gaur egun dituzten 47 aparkalekuak galtzen ez badituzte.

Izan ere, “hori bermatu ezean ibilgailu asko ibiliko litzake hirigunean aparkaleku bila, kutsadura sortuz”, diote: “Inguruetan kutsadura handituko litzake, hor jaisten den neurrian”. Alde zaharrean “aparkatzeko arazoak txarrera” egingo lukeela uste dute. TAG txartelaren bitartez automatikoki dabilen sarrera sistema proposatu dute: “Alde zaharrean  asteburuetako ordutegia ezarri daiteke, oztopo-zutoinak jarriz”.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!