Ikerketa, garapena eta berrikuntza (I G B) arloan 52 egitasmo eroan zituen aurrera iaz Azterlan metalurgia ikerketa zentroak. Denera, 6,7 milioi euro fakturatu zituen enpresak 2007an, eta milioi bat euroko inbertsioa egin zuen. Halaxe eman gura izan du jakitera enpresak.
Batez ere enpresek kontratatutako egitasmoak izan dira Azterlanek zuzendutako egitasmook, “euren premiak identifikatzeko helburuarekin, lehiakortasuna hobetzeko eta maila teknologikoa handitzeko”, hain zuzen ere. Gaineratu dutenez, “iraupen luzeko hartu-emana mantentzen duen bere bezero askoren “aliatu estrategikoa” bihurtu da ikerketa zentroa.
Azterlanek izen handiko aldizkarietan argitaratu duela azaldu dute enpresakoek; tartean, American Foundry Society Transactions e Internacional Journal of Cast Metal Research.
Era berean, ACICAE-Euskadiko Automozino Klusterreko, IK4-ko, CIC Margune-ko, Innobasque-eko eta Fedit-eko kide da edo hitzarmena mantentzen du. Azterlanek 30 urtetik gorako esperientzia dauka eta doktore, ingeniari eta metalurgia sektoreko teknikarien artean 80 espezialista batzen ditu. Batez ere, automozioan eta energia berriztagarrietan dihardu.