EAJk 2,13 milioi euroko kreditu aldarazpena aurkeztu gura du; horren barruan batzen dira 1988an izandako Urkiolako Auto Igoeran izandako istripuagatik Udalaren erantzukizun zibil subsidiarioari aurre egiteko 346.000 euro.

Gurutze Santuko ermita egokitzeak, berriz, 1,22 milioi euro; azken lanon esleipena 747.000 euroan egin zen eta orain 475.100 euro gehitu gura dituzte. Lariz Torre egokitzeko 124.522 euro gehiago bideratu gura dituzte.
Ohiko udalbatzarrera eroan gura du aldarazpena Gobernu Taldeak, atzo egin zen ez ohiko batzarrean mahai gainean utzi ondoren. Zinegotzi jeltzale bat falta izan zen orduan, eta Aitziber Irigoras alkateak erabakitzeko gai “garrantzitsua” eta “mamitsua” dela arrazoitu zuen.
“Seinalatuak”
Bestalde, EAJ eta PSE-EEko zinegotziak “seinalatuak” izan direla gaitzesteko EAJ, PSE-EE, PP, Aralar eta EB-Berdeek sinatutako idatzia irakurri zuen alkateak atzo, udalbatzarra amaitu ondoren.
Zinegotziok “Euskal Y-aren ustezko txikizioaren” eragiletzat jo dituzten kartel eta paskinen bitartez “seinalatu” izana eta udalbatzako kide batzuek “pairatzen duten pertsekuzioa aringarririk barik” gaitzestu dute idatzian, baita “aukera politiko guztiekiko errespetuaren alde” agertuz, “edozelakoak izanda demokrazian eztabaidatu beharreko gaiak”.
Aralarrek argitu du elkartasuna erakutsi gura izan dutela, baina “pertsekuzio” berba kontestutik kanpo dagoela; aldatzea ere eskatu zuten, onartu ez zen arren. Oihane Estibez, Ritxar Alberdi, Zorione Arana eta Oier Perezek “ezegoki” deritzote bai kartel eta paskinei, bai idatziari.