Azkenaldian izandako lapurreta eta istiluak “ez ohikoak” direla adierazi du Mª Jose Balier alkateordeak; “noizbehinkakoak” direla . Herritarren artean “lasaitasun mezua” zabaldu gura izan du eta, era berean, jakin eragin du aurtengo lanpostu-zerrendan aurreikusita zeuden udaltzain biak lau izatea proposatuko duela Gobernu Taldeak.
Oraingo lanpostu-zerrendan 42 udaltzain dagoz. Zazpi Bilbora joan dira baina, Balierrek argitu duenez, horietariko bost plaza bete dira dagoeneko eta beste biak betetzeko prozesua “berehala” abiatuko dute. Prozesu horrexen barruan sartuko dira aurreikusita egon arren bete ez diren beste plaza biak, lanpostu-zerrendan diren 42ak betez.
2008ko lanpostu-zerrendan lau udaltzain gehiago batu gura dituzte, 46 izan daitezen. “Zerbitzua geroago eta gehiago indartu gura dugu. Era berean, Durangorako ratio egokia den horretara (49 udaltzain) heltzeko konpromisoa hartu dugu”, dio Balierrek.