Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundeak 15. urteurrena bete du asteburu honetantxe. Egindako bidea ospatzeko ekitaldiak, hala ere, udako oporren bueltarako utziko dituzte. Halaxe jakin eragin dute, urte guzti hauetan Guatemalako San Miguel de Pochuta herrian osasuna eta hezkuntza sustatzeko lanean jardun duen Durangoko gobernuz kanpoko erakundeko ordezkariek.
Bateginez-eko egitasmoek “solidaritatearen eta justiziaren alde, Atlantikoko bi bazterretako hamaika pertsona batu” dituzte gogoratu duten moduan. Nabarmendutakoaren arabera, Durangaldeko hainbat herritar izan dira beso-hartze, beka edo farmazia egitasmoekin bat egin dutenak, eta “guzti horiei esker, ehunka gaztek eskolara erregularki joatea eta osasun laguntza izatea eduki dute. Baita etorkizun seguruagoa lortzeko goi-mailako hezkuntza zikloetara sartzea ere izan dute gero eta gehiagok”.
Laguntza eskaini duten herritar guztiei eskerrak eman gura izan dizkie Bateginezek, bereziki eskualdeko ikastetxeei eta Durangoko Udalari. Ildo horretan, ekainean bete berri duten urteurren hau laguntza eskaini duten guztiokin ospatu gura dute eta horretarako egitarau berezia prestatzen dihardute. Gogoratu dute egiteko asko geratzen dela oraindik eta martxan diren egitasmoak hobetzen eta berriak sortzen lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.