Durango eta bere merkataritza-inguruneari buruzko film laburren lehiaketa eratu du Durango eta Iurretako Dendak merkataritza elkarteak. Beste ingurune komertzialen aurrean Durango nabarmenduko duen ikus-entzunezko euskarria eman gura diote horrela Durango eta bere merkataritza-inguruari, azaldu dutenaren arabera.
Parte hartzaileek 1.000 euroko sari nagusia lortzeko aukera izango dute. Horrezaz gainera, publikoak emandako 500 euroko saria lortzea ere izango da.
Ekainaren 30era bitartean helarazi daitezke gehienez 45 segundo iraungo duten film laburrak — parte hartzaileko lan bi onartuko dira— Dendak elkarteak Durangoko Plateruena plaza 8an daukan egoitzara. Taldeka zein banaka aurkeztu daiteke eta WMV, MPG eta FLV formatuak onartuko dira. Baita mugikorrekin egindako film laburrak ere.
Plateruena kafe antzokian uztailaren 3an izango den azken emanaldiak erabakiko du propio eratutako epaimahaiak zein den lanik onena. Aurretik, berriz, Karreto, Rugbi eta Larrinagatxu tabernetan eskainiko dira. Berton izan du publikoak lanik onenaren alde botoa emateko aukera.
Jarduera komertziala sustatzea helburu daukan lehiaketan honetan parte hartzera animatzea itxaroten dabe Dendak-eko ordezkariek, eta, aitatu dutenez, spot moduan emititzeko aukera ere aztertuko dute.
Durango Merkatalgune Irekia izan behar da merkataritza sustatzeko moduan, azaldu dutenez: “Hori izan behar da ardatza eta gura dugu edukia ematen joatea. Lehiaketa hau lehenengo pauso bat izan daiteke. Durango Merkatalgune Ireki horren nolabaiteko publizitatea da”, nabarmendu dutenez. Informazino gehiagorako: www.masdendak.com edo 94 681 81 42