Munarriluzetik Dolometarako ibilbidea egingo dute, aurten, bederatzigarren aldia daukan Mugarri Egunean. Bost orduko ibilbidea prestatu dute Udalak eta Alpino Tabira mendizale taldeak ekainaren 21ean jarritako hitzordurako eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Andra Maritik irtengo dute 08:00etan, eta, oraingo honetan, Durangok Zornotza, Dima, Mañaria eta Izurtzarekin batera dituen 21 mugarriak ezagutzeko aukera izango dute bertaratuko direnek. Halaxe azaldu dute Ander Gorrotxategi Kirolak eta Gazteria zinegotziak eta Alpino Tabira mendizale taldeko Jose Ramon Arrizabalagak.
Durangoko munarriak ezagutaraztea dauka helburu ekimenak Gorrotxategiren berbetan, “naturaz disfrutatzea eze”. Udalerria ezagutzeko ekimen “interesgarria” eta “mantendu beharrekoa” deritzo horri eta izaten duen parte hartzea nabarmendu du. Azken urteetan 200 lagunetik gora batu dira ibilbidea egiteko. Oinetako egokia eroatea gomendatu dute eta izena emateko Gazte Informaziora jo daitekeela gogoratu: 94 603 00 30 /informazioa@durango-udala.net.
Denera 14 kilometro inguruko ibilbidea egingo da, aurten, eta, Durangoko tontorrik altuenetik, Pagasarritik (836m) igaroko dira, Arrizabalagak azaldu duenez: “Era berean, Durangoko punturik altuenetik ere pasako gara. Munarriluzetik Mugarrakolandarako lehenengo zati hori nahiko deserosoa da haitz eta belarrarekin. Hala ere, oso polita eta ezezaguna da”. Santa Luzia eta Neberondorainoko bidea egingo dute gero, bertotik Mendigain eta Dolometarako bidea hartuz. Luntxa izango dute Neberondon eta ibilbidea amaitzean, berriz, oparitxoa emango zaie parte hartzaileei.