Merkataritza eta zerbitzuak batzen dituen produktu turistikoa

Anboto 2008ko mai. 28a, 11:14

Durango “era integralean” sustatu guran, ondare natural eta historikoa ez eze merkataritza eta zerbitzuak ERE batzen dituen produktu turistiko berria sortu du Udalak, turismoa eta zerbitzuak batzeko testuinguruaren baitan: Irtenaldi laburrak.

Durango “era integralean” sustatu guran, ondare natural eta historikoa ez eze merkataritza eta zerbitzuak ERE batzen dituen produktu turistiko berria sortu du Udalak, turismoa eta zerbitzuak batzeko testuinguruaren baitan: Irtenaldi laburrak.

Aitziber Irigoras alkateak eta Turismo Bulegoko arduradun Natalia de Naberanek azaldu lez, “asteburuko ihesaldiok” eskaintzeko akordioa lotu dute lau hotel-establezimendurekin, eta egonaldia, bisita gidatua eta Bizkaiari buruzko informazioa eskainiko dute.

Egun batean eta uriko komertzio baten (edo hainbaten) gastatzeko den 300 euroko balio-txartela lortzeko zozketan parte hartzeko aukera ere batzen du horrek, eta, San Agustin Kultur Guneko ikuskizun baterako doako sarrera, “lekurik badago, beti ere”.

Euskal Herri osoan zabalduko da informazioa, eta Burgos, Errioxa, Kantabria, Katalunia eta Madrilera ere bideratuko dute. “Merkataritza eta zerbitzuak be ondare lez batu gura ditugu, eta turismoa hortik bideratu”. Merkatari eta ostalariak ere batzen dituen Durangoko 10.000 gida kaleratu ei dituzte eta, ondare historikoa ez eze bestelako ondarea ere islatzen duten posterrak.

“Oso ondo hausnartutakoa


Durangoren marka turistiko berria aurkeztearekin batera eman dute ekimen berriaren berri. Irigorasen berbetan, “oso ondo hausnartutako proposamen orokor baten baitan sortutakoak dira ekimenok”. Udalaren “apustu turistikoa” plazaratzea da helburua, “Durango osoa izan dadin gure marka turistikoa eta ez ondare historikoa bakarrik”. XXI. mendean produktu turistikoa sortzeko ondare historikoa nahikoa ez dela iritzita, produktu “integrala” eskaini gura dute.

Udalak eskatuta, EHUk egindako hiriguneko merkataritza integratzeko proposamena eta marketing estrategikoari buruzko plana gogoratu du Irigorasek, iazko urte amaieran aurkeztu zutena. “Turismoak merkatari eta zerbitzu-emaile txikien motorra izan behar duela izan zen ondorio garbia. Beraz, motor hori martxan jartzeko eta abiadura onean mantentzeko zerbait egin behar genuela ikusi dugu”. Turismoa bultzatzeko horri eta eskualde ikuspegia eutsi behar diela uste dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!