
Udalak eta Bizitzen Fundazioak sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren bitartez gauzatuko litzake zerbitzua.
Azken Berdintasun batzordean aho batez onartu dute ekimena, eta Berdintasun Kontseiluan diharduen Bilgune Feminista eta Andereak elkarteek ere begi onez ikusi dute.
Tratu txarrak jasaten dituen emakumeei laguntza eskaintzeko langabezian dauden emakumeak kontratatuko dituzte. “Luzaroko emakume langabekoak hartuko dira lan horretarako eta lehentasuna emango die 45 urtetik gorakoei — gazteagoak ere hartzea izan daitezken arren—; izan ere, lana topatzeko ere zailagoa izaten da. Durangokoak izateak ere lehentasuna izango du”, Riosek argitu duen moduan. Gaineratu duenez, “ uste dugu ekimen honen bitartez emakume batek baino gehiagok bere erasotzailearekin bizitzeari uzteko pausoa eman dezakeela. Izan ere, izan ditugu kasuak non emakumeak lana utzi beharrean izan diren ez dutelako seme-alabak norekin utzi, eta jagoletza galtzeko arriskuan ere izan direnak, lan-erantzukizunak eta familiakoak ezin bateratzeagatik”.
Lan poltsa sortuko da zerbitzua emateko eta langabetuok lanean hasi aurretik hilabeteko formazioa jasoko dute. Psikologia nozio oinarrizkoak, segurtasun teknikak eta larrialdi telefonoak, pertsona nagusiak zaintzeko oinarrizko ezagutza, tele-asistentzia… landuko dira, zinegotzi sozialistak azaldu duenez. Nabarmendu du baita zerbitzua eman bitartean ere izango dutela formazio iraunkorra.
Diru-laguntza
Bizitzen Fundazioa arduratuko da kontratazioez eta Udalarentzako kosturik izan ez dezan 100.000 euroko dirulaguntza eskatu du fundazioak berak INEM enplegu bulegoan. INEM- irabazi bako erakundeak egitasmoaren barruan eskatu du eta daukan “izaera sozial eta berritzailea” aintzat hartuz laguntza jasoko delakoan dira. Hala ere, “onartu ezean Udalak ahalegina egingo luke zerbitzua mantentzeko” , Riosek esan duenez. Zerbitzua jaso ahal izateko salaketa jarri izana eduki beharko du emakumeak.
PSE-EEk emandako datuen arabera, 2008an, Durango 726 langabetu daude INEMen izena emanda, eta 439 dira emakumeak. Gogoratu dute baita 2007an, Durangon, tratu txarren 35 salaketa tramitatu zirela eta 35 hurrentze-agindu.