Ate Irekien Eguna ospatuko dute, maiatzaren 30ean, 17:00etatik 20:00tara, Bartolome Ertzilla musika eskolan. Orain dela gutxi berriztatutako aldea, administrazio gunea eta gainerako gelak ikusteko aukera eskainiko zaie herritarrei, eskolak ohiko jarduerarekin dirauen bitartean. Bisita horiek irakasleek lagunduta egingo dituzte.
Horrezaz gainera, 18:00etatik 18:45era, eskolako aretoan ikasleek eurek eskainitako kontzertua entzun eta ikusteko aukera izango dute hurreratuko diren herritarrek. Musika eskola gertutik ezagutarazi gura dute ekimen horrekin, azaldu duten moduan.