
Dirudienez, Abadiño eta Durango artean trenbidearen alboan oinez zihoan Durangoko gizona eta kolpearen eraginez lokomotoreari eutsita geratu zen. Trenak hainbat metro arrastatu zuen gorpua Landakoko geralekura heldu artean. Bertan trenari itxaroten zeudenek aho zabalik ikusi zuten irudia. Durangoko DYAko anbulantzia bat gerturatu zen, baina, ez zuten ezer egiterik izan, hilda zegoela baieztatu baino. Ertzaintza eta Udaltzaingoa ere bertaratu ziren gertaerak izan ziren lekura.
Zirkulazioa eten zen
Istripuaren eraginez tren zirkulazioa eten egin zen eta ordubete inguru igarota jarri zen berriro ere martxan. Tren zerbitzua etenda egon zen tartean autobusak jarri zituen Euskal Trenbide Sareak-ek (ETS) bidariek ontzi-aldaketa egin ahal izateko, jakin eragin izan dutenez.
Joan zen apirilean segurtasuna areagotzeko eta itxaronaldia laburtzeko neurriak hartu dituela iragarri zuten ETSeko arduradunek.
Gehien erabiltzen diren pasaguneen (Ezkurdi, Landako, Olleria eta Faustekoak) funtzionamenduari begira bideratutako baliabideak “optimizatzea” dute helburu hartutako neurriok, argitu dutenaren arabera. Instalazio eta ekipamenduen azterketa ez eze, pasaguneetan oinezkoen betebeharrak gogora ekartzen dituzten informazio panelak ere jarri izan dituzte. Aitatu dezagun urte bi falta direla trenbidea lurperatuta pasaguneak desagertzeko.