
Merkatuen funtzionamenduari buruzko ezagutza eta enpresa-arloan duten erabakiak hartzeko gaitasuna erakusteko aukera izan dute ikasleek Retoalcoan. Benetako ekonomiaren aldaerekin sortutako fikziozko merkatu baten bitartez egin dute hori. “Ekonomia eta enpresa kudeaketa formazioa osatzeko aukera izan dute, eta talde lanarekin eta jite ekintzailearekin lotutako gaitasunak garatzeko aukera”, azaldu dute Maristak ikastetxekoek.
Hori guztia ikastetxearen Plan Estrategikoaren lerroetariko baten barruan dago batuta; ikasleen artean Ikastearen Berrikuntza eta Estimulazioari dagokiona, argitu dutenez.
Enpresa-mintegia
Fruituak ematen hasi da aitatu dugun Planifikazio Estrategikoa, Maristetatik jakin eragin dutenez. Izan ere, UrratsBat-ekin elkarlanean, zentroaren tutorepeko enpresa txiki bi sortzea lortu dute, ikasle-ohiek zuzendutakoak biak. Enpresa bion bitartez, zentroan ikasleek zuzendutako lehenengo enpresa-mintegia sortu ahal izan dute. Urtez urte hazten joatea da helburua, “ikasleek kudeatutako enpresa bat edo bi gehiagorekin”.
Bestalde, Gestionet-ek kudeatutako E-mprende Lehiaketan enpresa erabakien 2. saria lortu du Maristak ikastetxeak. Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen artean eskuduntza eta gaitasun enpresarialak garatzera dago zuzenduta lehiaketa hori. Sari hori, maiatzaren 5ean jaso zuen ikastetxeak Euskadiko Ekintzailearen Eguna zela-eta, Kursaalean egindako ekitaldian. Tamara de la Mata eta Janire Jorge izan dira sarituak.
Bestalde, ekintzailearen Astea izan da maiatzaren 5etik 9ra bitartean, eta horren haritik hainbat ekitaldi eratu dituzte Maristetan. Besteak beste, Enpresa Ideien IV. Lehiaketa eratu dute eta Durangaldeko enpresari bik parte hartu duten mahai-ingurua prestatu; hainbat ikaslek ere euren esperientziak azaldu dituzte.