Maiatzaren 4an abiatu zen Kortestik (Nafarroa) eta eskualdean egingo du geraldia egunotan, ondoren Donostiarako bidea hartzeko. Maiatzaren 31n helduko da.

Durangon eta Zornotzan izango da Gelditourra, eta horren haritik eratutako ekintzetan parte hartzera deitu dute. AHTak ondorio ekologiko, ekonomiko, sozial eta kultural “larriak” eragingo lituzkela salatu dute, “geroago eta desoreka ekologiko eta desberdintasun sozial handigoak eragiten diharduen eredu ekonomiko eta soziala indartuz”.
AHTaren egitasmoa “batere informazio gardenik gabe eta herritarren parte-hartzerik gabe jorratu” dutela diote: “Informazioa propagandarekin ordezkatuz eta herritarren parte-hartze eta erabakitze eskubidea automatikoki baztertu dituzten helegiteak aurkeztera mugatuz”. Gogoratu dute, “gehiengo sozial eta sindikalak” askotan agertu duela “AHTaren aurkako jarrera” eta egitasmoa “gelditzea” eta eztabaida zabaltzea eskatu.
Hainbat ekitaldi
Maiatzaren 18an, 10:00etan, Elorriotik abiatuko den Udalaitzerako mendi martxan hasiko dute osotutako ekitaldi egitaraua. Aitatu dugun lez, Gelditourren kamioia Durangon izango da 19an. Era berean, irakaskuntzan paroa deitu dute, 11:00etatik 13:00etara, eta kalejira ere egingo dute. Elorriotik Durangora mendi martxak irtengo du 16:00etan, eta 19:00etan giza-katea egingo dute Ezkurdin.
Zornotzan izango da kamioia 20an. Gainera, Durangotik Zornotzara auto karabanak irtengo du 16:00etan, eta 19:00etarako mobilizazioa deitu dute. Durangon herriko artisten lanen erakusketa zabalduko dute 21ean, 19:00etan, eta 19:30ean, Baserritar, langile eta herritarrok AHTari ezetz esateko hamarna arrazoi mahai ingurua hasiko dute.
Txamankizuna eratu dute 19:00etan 22an, eta antzerkia 21:00etan. Hilaren 24ra arteko asteburu horrek ipuin kontalaria, graffiti tailerra, bertso-trama, kontzertua, umeen jolasak eta herri-bazkaria batuko ditu, besteak beste. Bilbon izango den manifestaziora joateko deia ere egingo dute.