
Euskaldunon Egunkariaren itxieraren ondoren sortu zen mugimenduak ahalbidetu zuen proiektu berria martxan jartzea, egunkari berria martxan jartzea eta euskarazko komunikabide taldearen proiektua abiatzea, Juan Mari Torrealdai EKTko kontseilari ordezkariak Anboto Irratian esan duenez. “Ezinbestekotzat jo genuen jasotako laguntzari esker egindakoaren barri ematera eta eskertzera etortzea. Bosgarren urteurrena elkarrekin ospatzea”.
Bost urteotako ibilbidea ekarri zuen gogora antolatutako ekitaldian. Etorkizunari begirako erronkei dagokionez, berriz, zabalkundean dauka erronka nagusietarikoa Berriak, Torrealdaik azaldu duenez: “Euskarazko hedabideak sortu eta indartzeko gaitasuna badugu, eta erronka dugu ahalik eta jende gehienengana heltzea”.