
EAE udal taldeak bakarrik mantendu zuen alkategaia: Oier Perez. “Koherentzia” arrazoitu zuten, “herritarrek emandako arduragatik eta aldaketa emateko aukera dagoelako”. Aralarrek, berriz, alkatea “herritarrek aukeratutakoa edo alderdien artean adostutakoa” izan behar dela arrazoitu zuen alkategaia ez mantentzeko. Gainerakoek uko egin diote hautagaia aurkezteari.
Azkenean, Irigorasek aldeko zazpi boto jaso zituen eta Perezek hiru; gainerako hamar zinegotziek zuri bozkatu zuten. Legeak zehazten duen moduan, udal hauteskundeetan boto gehien lortu zituen alderdiaren hautagaiak hartu zuen alkatearen makila. “Ohore handiz” hartu zuen kargua Irigorasek, “egoera tamalgarria izan arren”. Betebeharrak “zintzo” eta hartutako konpromisoak “leial” betetzeko ardura hartu zuen. Alderdia, herritarrak, senideak eta lagunak eskertu eta Juan Jose Ziarrusta eta bere lana goraipatu zituen.