‘Durango Ardoa Saltsan’ azokak 35 upeltegi batuko ditu Landakon

Anboto 2008ko mai. 1a, 14:22
Durango Ardoa Saltsan I. Topaketa Enogastronomikoa antolatu dute Landako Guneak eta Saltsanek, hilaren 10ean. Euskal Herriko, Espainiako eta, oro har, nazioarte mailako 35 upeltegi batu dituzte, 90 ardo baino gehiago eskainiz, 25 jatorri izendapenetakoak.
Durango Ardoa Saltsan I. Topaketa Enogastronomikoa antolatu dute Landako Guneak eta Saltsanek, hilaren 10ean. Euskal Herriko, Espainiako eta, oro har, nazioarte mailako 35 upeltegi batu dituzte, 90 ardo baino gehiago eskainiz, 25 jatorri izendapenetakoak.

Horrezaz gainera, olioa, urdaiazpiko iberikoa, izokin ketua eta kafea lako produktuak ere batuko ditu, 11:00etatik 20:30era, Landako Erakustazokak. Sarrera 10 euro izango da, produktu guztien dastatzea barne. Halaxe azaldu dute Saltsaneko Iñaki Uribek, Bizkaiko Txakolinaren Dastatzaile Batzordeko Roberto Sarriugartek eta Landako Guneko kudeatzaile Ainhoa Etxezarretak.

Delikatessen produktuen “paradisua” izan gura du azokak, eta durangarrei zein hurreratuko diren bisitari denei upeltegi garrantzitsuenetako ardoak hurreratzea da helburua: “Dastaketaren munduan lehen urratsak egiteko aukera egongo da, bai ardo dastaketan bai kafearen eta olioarenean”. Sarrerarekin batera, ardoa dastatzeko kopa ere emango die hurreratutakoei, produktuen katalogoa, gunearen mapa eta ekintza programa ez eze.

Miniaturazko sukaldaritzari eskainitako gunea ere egokituko dute. Saltsanek prestatutako “dastamenerako gozagarriak” izango dira moduzko prezioan. Hala ere, aitatu dezagun, erakutsitako produktu guztiak erostea izango dela.

Denetariko ardoak

Ardo lasaiak, apardunak, gozoak, txakolina… denetariko ardoak dastatzea izango da. “Errioxako ardoak izango du pisurik handiena, baina Bizkaiko txakolina eta Nafarroa, Andaluzia, Valentzia, Jerez, Dueroko Erriberakoak be egongo dira. “Ardoaren eta delikatessenaren kultura bultzatu gura dugu, kalitatearen ikuspegitik”.

Bereizitasun lez, profesionalei ez eze, “kaleko jendeari eta ardozaleei begira” eratu dutela diote, eta upeltegietako arduradunak hurreratuko direla: “geroago eta zaletasun eta interes handiagoa dago eta ikasteko aukera eskainiko du azokak”. Aurrera begira ere eratu gura lukete eta azoka zabaltzen joan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!