Neska-mutil sahararrak udan etxeetan hartzera deitu dituzte herritarrak

Anboto 2008ko api. 24a, 15:19
Oporrak Bake giroan egitasmoan parte hartzera deitu ditu beste behin herritarrak Herri auzo elkarteak. Seigarren urtea da Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan (Argelia) bizi diren neska-mutikoak Durangora ekartzen dituztena, uda sasoia bertako etxeetan egin dezaten eta bizi dituzten baldintza gogorretatik deskantsua hartu dezaten.
Oporrak Bake giroan egitasmoan parte hartzera deitu ditu beste behin herritarrak Herri auzo elkarteak. Seigarren urtea da Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan (Argelia) bizi diren neska-mutikoak Durangora ekartzen dituztena, uda sasoia bertako etxeetan egin dezaten eta bizi dituzten baldintza gogorretatik deskantsua hartu dezaten.

Udan 45-55 gradu arteko tenperaturak ez ditzaten jasan du helburu egitasmoak, Euskal Herrian egingo duten egonaldian elikadura egokia izatea ez eze. Horrezaz gainera, mediku-azterketa “osoa eta zorrotza” egitea ere badauka helburu ekimenak, “geure artean euren herrian falta jaken hainbat gauzarekin disfrutatzeko aukera” eskaintzearekin batera, antolatzaileek azaldu duten moduan.

Udalaren laguntzarekin abiatutako kanpainaren bitartez, uztailaren lehenengo astetik irailaren lehenengora egingo dute 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutil sahararrek egonaldia Durangaldean.

Herriakoek azaldu dutenez, mantenua izan ezik, umeok hartzeak ez dauka kostu ekonomikorik familia edo norbanakoarentzat, eta lehentasuna izango dute Durangon erroldatutakoek — ez da, hala ere, beste aukerarik baztertzen—. Neska-mutikoak ailegatu eta segituan osasun azterketa egitea derrigorrezkoa da, eta, umea aseguru poliza baten babesean izango da. Halaxe azaldu dute auzo elkartekoek.

Maiatzaren 1era arte

Umea etxean hartu gura izanez gero, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Andra Mari 3) edo Herria auzo elkarteak daukan tabernan (Askatasun Etorbidea 28) eskuratu daitezken eskaera-orriak bete behar dira. Argitu dutenaren arabera, maiatzaren 1a baina lehenago aurkeztu beharko dira orri horiek hartu diren leku horretan bertan. Informazio gehiago jaso gura izanez gero, honako telefono honetara deitu daiteke: 6555 711 100.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!